Xabier Orbegozo 'Arria V'.a apustua jokatzeko aurkari bila dabil

Ihintza Elustondo 2024ko abe. 30a, 09:35

Xabier Orbegozo 'Arria V'.a, artxiboko irudi batean.

1962an Txikito de Arruitzek eta Ramon La Tasak jokatu zuten "apustu handi" hartako lan bera egiteko erronka onartuko duen norbaiten bila dabil Errezilgo aizkolaria. Urtarrilaren 5ean Tolosako Kantabrikon izango da, eta desafioa onartzeko prest dagoenari hara bertaratzeko deia egin dio. 

Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak aspaldi esan zuen apustuak utzi egingo zituela, baina demazalea da aizkolaria, eta berriro animatu da erronka botatzera. Hain zuzen ere, atzo –igandea– jakinarazi zuen bere erronka onartuko duen norbaiten bila ari dela.

1962an Txikito de Arruitzek eta Ramon La Tasak jokatu zuten "apustu handi" hartako lan bera egitea nahi du Arria V.ak. Zehazki, 45 ontzako hamar enbor ebaki eta korrika hamar kilometro egin zituzten haiek plazan. Lan berberak egin nahi ditu errezildarrak, Tolosako (Gipuzkoa) edo Azpeitiko zezen plazan, martxoaren amaieran. 5.000-6.000 euro jokatzeko prest dago aizkolaria, eta abantaila bat eskatu dio aurkariari: egurrak berak eramatea plazara.

Urtarrilaren 5ean, Kantabrikon

Hortik aurrera, negoziatzeko prest agertu da Arria V.a, eta urtarrilaren 5ean, Errege bezperan, Tolosako Kantabrikon izango da zain, 18:00etatik 20:00etara. Erronka onartzeko prest dagoenari hara bertaratzeko deia egin dio errezildarrak.

2022ko apirilaren 24an jokatu zuen azken apustua Arria V.ak, Eneko Otañoren aurka, eta galdu egin zuen erronka. Orduan esan zuen apustuak utzi egingo zituela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide