Otañok irabazi du Arria V.aren kontrako aizkora apustua

Mailo Oiarzabal 2022ko apirilaren 24a

Beizamarrak 46 minutu eta 57 segundotan moztu ditu 20 kanaerdikoak gaur eguerdian Azpeitiko plazan. Errezildarrak, berriz, 52 minutu eta 37 segundo behar izan ditu lana osatzeko.

Urola bailarako aizkolarien arteko apustuan, garaipena Beizamara joan da. Eneko Otaño beizamarrak eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak gaur eguerdian neurtu dituzte indarrak Azpeitiko zezen plazan, eta Otaño izan da nagusi.

20na kanaerdiko zeinek azkarren moztu zuten erronka, eta gazteena ibili da bizkorren. Harmailetan elkartu diren ikusleek animo oihuekin lagundu dute aizkolarien lana, batzuk baten alde eta besteak bestearen alde –Otañoren aldekoek bi pankarta ere jarri dituzte–, baina emozio handirik ez du izan lehiak. Hasieratik bukaerara ibili da aurretik Otaño, eta enborretik enborrera aldea handitzen joan da, gainera. Bukaeran, 46 minutu eta 57 segundoko denbora egin du Beizamakoak, eta ia sei minutuko aldea kendu dio Arria V.ari; 52 minutu eta 37 segundo behar izan ditu errezildarrak lana osatzeko.

Jokoan zituzten 5.000 euroak Otañorentzat izan dira, beraz.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide