Gabonetarako ekintza sorta antolatu dute Errezilen

Ane Olaizola 2024ko abe. 12a, 10:39

Olentzero eta Mari Domingi, Errezilen.

Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin hasiko dira Errezilen Gabonak ospatzen, eta haur eta gazteentzat ekintza bereziak izango dira oporraldian. Ekintzetarako izena eman daiteke.

Gabonak ospatzeko eta oporretan haurrek zein gazteek aisialdiaz gozatzeko askotariko ekintzak prestatu dituzte Errezilgo Udalak eta hango Guraso Elkarteak datozen asteetarako. Batetik, Guraso Elkarteak antolatuta, hilaren 20an Olentzero eta Mari Domingi joango dira herrira, 10:00etan, eta ondoren Eguneko Zentrora egingo dute bisita. Hilaren 24an, berriz, Gabon eskean arituko dira hala nahi duten herritarrak, eta horretarako, 09:30ean elkartuko dira plazan. Abenduaren 27an, urteko azken pintxo poteoa egingo dute, eta arratsalderako Gabon Parkea prestatu du elkarteak, eta haurrek jolas desberdinez gozatzeko aukera izango dute, hala nola puzgarriez, eskulanez eta ihes gelaz.

Bestetik, udalak egitaraua prestatu du oporraldirako, eta haurrek zein nerabeek hainbat ekintza izango dituzte Gabonetan. Horietarako izen-ematea ere zabaldu du, eta interesa duenak bihar izango du azken eguna. Udaletxean edo Akertxokon eman daiteke izena, eta irteerek 20 euroko prezioa izango du. Hemen egitaraua:

  • Abenduak 20, ostirala:
    • 17:30-21:30: Sukaldaritza eta afaria, DBH1 eta batxiler 2. maila artekoentzat.
  • Abenduak 23, astelehena:
    • 10:00-13:00. Gabonetako eskulanak, HH5 eta LH3. maila artekoentzat.
  • Abenduak 26, osteguna:
    • 09:30-17:30. Txuri urdinera irteera, DBH1 eta batxiler 2. maila artekoentzat.
  • Abenduak 30, astelehena:
    • 12:00-16:00. Gabonetako sukaldaritza eta bazkaria, LH4 eta LH6. maila artekoentzat.
  • Urtarrilak 3, ostirala:
    • 10:00-13:00. Gabonetako eskulanak, DBH1 eta batxiler 2. maila artekoentzat.
  • Urtarrilak 4, larunbata.
    • 10:00.16:00. Izar parkera irteera, HH5 eta LH6. maila artekoentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide