Giro ederra eta zaharrenak nagusi Errezilgo herri kirol erronkan

Nerea Uranga 2024ko azaroaren 11

Herritarren arteko kirol erronka jokatu dute Errezilen giro ederrean, eta gazteei zaharrenek irabazi die, alde handirik atera gabe. Gaur ere festak segida izango du Errezilen, San Martin eguna ospatuko dutelako.

Errezil sanmartinetan murgilduta dago ostiral arratsaldeaz geroztik. Gaur, astelehena, izango da San Martin eguna, eta atzo igandea, kirol ekitaldiak izan ziren nagusi Errezilen. Goizean haurren lasterketak egin zituzten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutilek. Arratsaldean, berriz, herri kirol erronka jokatu zuten herritarrek osatutako bi taldek: zaharren taldea (elastiko urdinarekin) gazteen taldearen (elastiko berdearekin) kontra aritu zen. Kirol bakoitzean hiru saio egin behar izan zituzten, eta lehen eta hirugarren itzulian zaharrenen taldea nagusitu zen. Hala, kirol erronkaren irabazlea urdinen taldea izan zen. Hala ere, oso berdintsu ibili ziren bi taldeak.

Herri kirol erronkan egin beharreko lanak honakoak izan zituzten saio bakoitzean: lokotxetan hamaseina ale jaso, ergometroan 500na metro, trontzan bina korte, txingan probalekuari joan-etorri bana, ingudearekin hamarna kolpe, erruedarekin probalekuan joan-etorri bana eta korrika elizari bina itzuli.

Herritarren arteko kirol erronka ikusteko jende asko bildu zen Errezilgo beheko plazan eta giro ederra sortu zen. Kirol ekitaldia ari zen bitartean herriko produktuekin osatutako sorta baten zozketa egin zuten, eta 705 zenbakiko boletoaren jabeak jaso zuen saria Nekane Zinkunegiren eskutik.

Gaur, San Martin eguna izanda, festak segida izango du Errezilen.

Hona hemen Errezilgo sanmartinak ospatzeko datozen orduetarako zein egunetarako antolatutako egitaraua: 

Gaur, azaroak 11, San Martin eguna:

  • 11:00. Meza nagusia. Ondoren, hamaiketakoa Borondegin.
  • 16:30. Haurrentzako ekintzak.
  • 19:00. Errautsak hauspotzen dokumentalaren emanaldia eta hitzaldia, Borondegin. 

Bihar, asteartea, Jubilatuen eguna:

  • 13:00. Meza nagusia.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria Borondegin, bertsolariekin eta trikitilariekin. 

Azaroak 22, ostirala:

  • 21:00. Bertso afaria Letea jatetxean. Bertsolariak: Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze. Trikitilariak: Erkizi eta Manex Unanue. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide