Ardatz Motorsport kirol klub sortu berriko kideek Motor Asteburua antolatu dute irailaren 20rako eta 21erako Errezilen. Gurutz Agirretxe da elkartearen lehendakaria, eta hark azaldu ditu nondik norakoak, nola kirol elkartea sortzearen ingurukoak, hala Motor Asteburua antolatzeari buruzkoak ere: "Badira hamar bat urte neu automobilismo munduan hasi nintzela, eta lagunak direla, lehengusuak direla, sekulako taldea egin dut inguruan. Agirretxe Rally izenarekin aritu izan gara orain artean, baina taldeak ez zeukan elkarte izaerarik, eta aurten, urrats hori egin eta kirol elkarte bat sortzea erabaki dugu: Ardatz Motorsport kirol elkartea, hain zuzen ere".
Behin hori eginda, herrian motorrari eskainitako asteburu bat antolatzeko burutazioa izan dute. "Duela bost bat urtetik beti antolatu izan dugu zerbait: bertso afariren bat, egun-pasaren bat... Baina orain artekoak gehiago izan dira geuretzako ekintzak. Hala ere, bageneukan gogoa herrian zerbait egitekoa. Taldekide asko errezildarrak gara, autoenganako zaletasunak batzen gaitu, eta herrian ere zaletasun hori badagoela jakinik, herri guztiarentzat zerbait egin nahi genuen". Eta halaxe egin dute; herritar guztientzako moduko asteburua prestatu dute, "mimoz eta arduraz". Errezilgo Udalarekin elkarlenean antolatu dute aurreneko Motor Asteburua izango dena, eta Agirretxek aukera baliatu du erakundeari eskerrak emateko, "laguntza handia" jaso dutelako.
Hainbat dira Ardatz Motorsporteko kideek Motor Asteburuari jarri dizkioten helburuak: «Herritarrok elkartzea, geure taldea ezagutzera ematea, zaletasunaz elkarrekin gozatzea, adituengandik eta arituengandik ikastea...». Hori dela eta, «auto zaletasunak osotasunean ardaztuko duen asteburua» egin nahi dute, besteak beste, genero ikuspegia eta belaunaldien arteko transmisioa kontuan hartuta. Horregatik, erakustaldiak, jolasak eta aisialdiko bestelako ekintzez gain, pare bat hitzaldi ere antolatu dituzte: bata, herriko eskolako umeei zuzendutakoa izango da; eta bestea, automobilismoan dabiltzan emakumeek emango dute.
Hain justu, Agirretxe bera izango da datorren ostiralean herriko eskolako umeengana hitzaldia ematera joango direnetako bat. "Saiatuko gara azaltzen errepidean nola ibili behar den, arauak ez errespetatzeak zer ondorio izan ditzakeen, abiadura maite dutenek zer aukera dituzten, horretarako zer eremu dauden eta abar".
Motor Asteburua "arduraz, herria eta herritarrak errespetatuz eta seguru" egin nahi dutela adierazi dute antolatzaileek, eta balio horietan egin dute azpimarra. Hori dela eta, "arauak zorrotz betetzeko eta errespetuz jokatzeko" deia egin dute, "bereziki ibilgailuekin eta errepidean".
Informazio guztia, hemen.
Hona hemen egitaraua, osorik:
Irailak 20, ostirala:
- 15:00: Bizi zaitez bizi hitzaldia haur eta gazteentzat, eskolan.
- 18:30: Emakumeak automobilismoan hitzaldia frontoian.
- 19:30: Triki poteoa.
- 21:00: Pintxo afaria, frontoian.
- 21:30: Ardatz motosports-en aurkezpena, Malbadiren eskutik.
Irailak 21, larunbata:
- 10:00: Auto erakusketa.
- 11:00: Klik rally-a Urolan barna.
- 11:30: Mini GP zirkuitua haur eta gazteentzat, frontoian.
- 14:30: Lokatzez blai erakustaldia, Agirretxe Rally taldearen eskutik.
- 18:00: Sari banaketak.
- 20:00: Rally afaria, Letean.
- 23:00: Rally herri kirolak, dantzalekuan.
- Ondoren, DJa.