Ardatz Motorsport kirol klubeko kideek Motor Asteburua antolatu dute irailaren 20rako eta 21erako Errezilen. Taldekide asko errezildarrak dira, autoenganako zaletasunak batzen ditu, eta "herrian ere zaletasun hori badagoela jakinik", herritar guztientzako egitaraua antolatu dute, "mimoz eta arduraz", Errezilgo Udalarekin elkarlanean.
Antolatzaileek azaldu dutenez, hainbat dira Motor Asteburuari jarri dizkioten helburuak: "Herritarrok elkartu, geure taldea ezagutzera eman, zaletasunaz elkarrekin gozatu, aditu eta arituengandik ikasi...". Hori dela eta, "auto zaletasunak osotasunean ardaztuko duen asteburua" egin nahi dute, besteak beste, genero ikuspegia eta belaunaldien arteko transmisioa kontuan hartuta. Horregatik, erakustaldiak, jolasak eta aisialdiko bestelako ekintzez gain, automobilismoan dabiltzan emakumeen hitzaldia antolatu dute.
Ardura eta segurtasuna
"Arduraz, herria eta herritarrak errespetatuz eta seguru" egin nahi Motor Asteburua, eta balore horietan egin dute azpimarra antolatzaileek. Hori dela eta, "arauak zorrotz betetzeko eta errespetuz jokatzeko" deia egin dute, "bereziki ibilgailuekin eta errepidean".
Egitarauko hainbat ekintza tarteko, herriko zenbait gunetan gorabeherak izango direla aurreratu dute Ardatz Motorsport kirol klubeko kideek. Alde batetik, jakinarazi dute ostiral arratsaldetik larunbat iluntzera bitarte, herrigunean aparkatu nahi dutenek eskolako patioan egitea komeni dela. Bestalde, Errezil inguruko errepideetatik mantso pasatzeko eskatu dute. Era berean, arazoren bat izatekotan antolakuntzari jakinarazteko deia egin dute.
Egitarau oparoa
Aurrez aipatutako baloreen bueltan ardaztu dute bi egunez luzatuko den egitaraua. Askotariko ekintzak antolatu dituzte ostiralerako eta larunbaterako, aisialdia eta formakuntza ardatz. Kontzientziazio hitzaldiak, erakustaldiak, jan-edana, Mini GP zirkuitua eta rally herri kirolak antolatu dituzte, besteak beste.
Hona hemen egitaraua, osorik:
Irailak 20, ostirala:
- 15:00: Bizi zaitez bizi hitzaldia haur eta gazteentzat, eskolan.
- 18:30: Emakumeak automobilismoan hitzaldia frontoian.
- 19:30: Triki poteoa.
- 21:00: Pintxo afaria, frontoian.
- 21:30: Ardatz motosports-en aurkezpena, Malbadiren eskutik.
Irailak 21, larunbata:
- 10:00: Auto erakusketa.
- 11:00: Klik rally-a Urolan barna.
- 11:30: Mini GP zirkuitua haur eta gazteentzat, frontoian.
- 14:30: Lokatzez blai erakustaldia, Agirretxe Rally taldearen eskutik.
- 18:00: Sari banaketak.
- 20:00: Rally afaria, Letean.
- 23:00: Rally herri kirolak, dantzalekuan.
- Ondoren, DJa.