Errezilgo pilota eskolakoen txapelketaren finaletan estreinatuko dituzte frontoiko harmailak

Nerea Uranga 2024ko eka. 14a, 09:00

Errezilgo pilotalekuko harmaila berriak. (Urtzi Oteiza)

Iazko udal aurrekontuetan jaso zuen Errezilgo Udalak pilotalekuan harmailak eraikitzea. Bukatu dituzte lanak, eta igandean, 12:00etan, pilota txapelketaren finalean estreinatzeko aukera izango da.

2023ko udal aurrekontuetako inbertsioetan aurreikusi zuen Errezilgo Udalak herriko pilotalekuan harmailak eraikitzea. Lan horiek bi aldiz atera zituen lehiaketara. Aurreneko aldian inork ez zuen eskaintzarik aurkeztu lehiaketara. Ondorioz, aurrekontua moldatu eta bigarren deialdia egin zuen udalak iazko irailaren erdian. Deialdi horretara bi enpresak aurkeztu zituzten beren eskaintzak, eta udalak Echaide enpresaren eskaintzaren alde egin zuen; harekin egin zuen pilotalekuan harmailak eraikitzeko kontratua.

Pilotalekuan harmailak eraikitzeko obrak iazko urtearen bukaera eta aurtengoaren hasiera artean hasi zituzten, eta amaitu dituzte. Hiru maila ditu harmailak: bat jendearen pasorako, eta beste bi maila esertzeko. Airean eraiki dituzte, eta pilotalekuaren goiko aldetik egin dute harmailetarako sarrera. Bukatuta eta estreinatzear dira, eta hasi berri dituzten San Antonio jaietan izango dute herritarrek haiek erabiltzeko aukera. Festetako egitarauaren barruan, igandean, 12:00etan, Errezilgo pilota eskolakoen arteko txapelketako finalak jokatuko dituzte, eta partidak harmailetatik jarraitzeko aukera izango dute pilotazaleek.

Herriko festak pasatu ostean, pilotalekua eraberritzeko beste lan batzuk egiteko asmoa ere badu udalak, Koldo Arzallus alkateak azaldu duenez. Hau da, frontoiko hormak margotuko eta txukunduko dituzte, harmailen atzealdean leihoak irekiko dituzte, eta behean banku bat jarriko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide