Azaroaren 25aren bueltan egitarau oparoa prestatu du Saiazek gizarte zerbitzuen mankomunitate horretan elkartzen diren udalerrietarako –Errezil, Beizama, Bidania-Goiatz eta Albiztur–. Bihar zortzi izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, baina astean zehar egun horretako aldarrikapenei lotutako ekintzak izango dituzte Saiazen batzen diren udalerrietako batzuetan.
Errezilen, esaterako, eskola umeei zuzendutako bi zita izango dituzte datorren astean. Asteartean, azaroaren 22an, Beatriz Egizabalek ipuin kontaketa ilustratua eskainiko du frontoian, Errezilgo, Albizturko eta Bidania-Goiazko LHko ikasleei zuzenduta. Ostiralean, berriz, hilaren 24an, Tratu onak lantzen tailerrean parte hartuko dute San Martin Herri Eskolako ikasleek.
Horretaz gain, Saiazko ordezkari politikoek genero ikuspegiaren gaineko formazioa jasoko dute azaroaren 23an eta 25ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.