Zer da Egunean Behin jokoko Tokikom Liga? 

Egunean Behin denboraldiaren 21. denboraldia hastear da, eta Tokikom izango da sasoi berri horren babeslea. Euskarazko 69 hedabidek osatutako sarea da Tokikom, eta sare horretako bazkide da Guka.

Hori horrela izanik, tokiko hedabideen arteko lehia antolatu dute Egunean Behinek eta Tokikomek maiatzaren 11tik uztailaren 12ra bitarterako. Tokikom Liga izenpean, hamar hedabidek talde bana izango dute lehian hastear den denboraldian.

Hedabide bakoitzaren taldeko parte hartzaileek egunero hamar galdera erantzun beharko dituzte ohiko moduan, eta talde bakoitzeko partaide guztien artean lortzen dituzten puntuekin osatuko dute Tokikom Ligako sailkapena; hau da, hedabideen arteko lehiaren sailkapena.

Gukak ere izango du bere taldea, eta herritarrek dagoeneko badute talde horretara batzeko aukera.

Guka (Urola Kosta) taldera batzeko pausoak

  • Aplikazioa jaitsi zuen gailura (jaitsita dutenek eguneratu egin beharko dute).
  • Profila eratu.
  • Ezarpenetara joan (abatarra/irudia klikatu ezarpenetara joateko)
  • Tokikom Liga atalera jo.
  • Aukeratu zure tokikom-a atalean, Guka (Urola Kosta) taldea aukeratu.
  • Helbide elektronikoa, herria eta jaiotze urtea jarri.
  • Pribatutasun politikak onartu.
  • Gorde.

Guka sariak 

Guka-Urola Kosta taldean sartzen diren parte hartzaileek sariak irabazteko aukera izango dute. Astero, parte hartzaile guztien artean Gukaren produktuak eta Gukaren hedabide bateko harpidetza digitala zozkatuko dira. Denboraldiak iraungo duen bederatzi asteren ostean, berriz, Getariako Elkano jatetxean bi lagunentzako otordua irabaziko du Guka-Urola Kosta taldearen sailkapeneko irabazleak.

Asteko sarituak nor izan diren sei webguneetan iragarriko du Gukak, astelehenero. Denboraldiko garailea zein den, berriz, uztailaren 13an jakinaraziko du.

Guka sarituekin harremanetan jarri ahal izateko oso garrantzitsua da parte hartzaile guztiek Egunean Behin aplikazioan datu guztiak zuzen sartuta edukitzea.  

Eskualdeetako hedabideen arteko lehia 

Parte hartuko duten hamar hedabideek eskualdeetako hedabideen arteko lehia egingo dute. Talde bakoitzeko parte hartzaileek lortzen dituzten puntuen arabera, asteroko sailkapena osatuko da. Gukak astelehenero jakinaraziko die irakurleei sailkapena zer-nola doan.

Tokikom Ligan parte hartuko duten hamar hedabideak honako hauek dira: 

  • 28 Kanala (Tolosaldea)    
  • Aiurri  (Beterri-Buruntza)   
  • Anboto (Durangaldea)   
  • Arabako Alea (Araba)   
  • Barrena (Debabarrena)    
  • GiTB (Goierri)  
  • Goiena (Debagoiena)  
  • Guaixe (Sakana)  
  • Guka (Urola Kosta)  
  • Hiruka  (Uribe Kosta)