Beizaman udal zergak eta tasak %4,5 igoko dituzte datorren urtean

Aitziber Arzallus

Beizamako herrigunea. (Ihintza Elustondo)

Beizamako Udalak abuztuko Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) hartu du erreferentziatzat datorren urtean zergak eta tasak zenbat igo kalkulatzeko orduan. Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskala ere onartu du, gutxieneko tasak aplikatzea erabakita, baina ondoren, zerga horri %100eko hobaria ezartzeko aukera baliatu du.    

Beizaman %4,5 igoko dituzte udal zerga eta tasa guztiak datorren urtean; hala erabaki zuen udalak, aho batez, urriaren 14an egindako ez ohiko bilkuran. Zergak eta tasak zenbat igo erabakitzeko garaian Kontsumo Prezioen (KPI) Indizea hartu du kontuan udalak, "abuztuko KPI, eta ez irailekoa", zehaztu duenez. 

Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) "igoera erlatiboa" aplikatzea erabaki du erakundeak; Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ), eguzki plaka fotoboltaikoak instalatzeko eta eraikinen energia aurrezpena sustatzeko obrei %50eko hobaria ezartzea; eta etxebizitza hutsei OHZren kuotaren %100eko errekargua aplikatzea, indarrean dagoen araudiak aurreikusten dituen salbuespenik ez den kasuetan. Salbuespen horien artean daude, besteak beste, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerei lotutako egoerak, gaixotasun batengatik etxebizitzatik alde egin behar izatea eta bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituzten etxebizitzak.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren agindua betez, Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen ordenantza fiskala ere onartu du Beizamako Udalak. Hain zuzen ere, aldundiak ezarritako gutxieneko tasak ezartzeko proposamena izan zen ez ohiko udalbatzarrean bozkatu eta aho batez onartu zutena. Ondoren, baina, zerga horri %100eko hobaria aplikatzea onartu zuen erakundeak, foru arauak horretarako zehaztutako baldintzak betetzen direla eta. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide