Herri kirol erakustaldiarekin amaitu zuten atzokoan Beizaman sanpedroetako hirugarren eguna. Eguraldiak askorik lagundu ez zuen arren, dozenaka lagun bildu ziren aterpean aizkora eta harri jasotze erakustaldiak bertatik bertara ikusteko. Eneko Otaño herritarra eta Mikel Larrañaga aritu ziren aizkoran, eta Olaia Esnaola eta Estefania Etxebeste harri jasotzen.
Herri kirolen ostean, dantzarako tartea ere izan zuten herritarrek. Hala, goizeko pilota jaialdiaren eta azokaren ondotik, giro paregabean borobildu zuten beizamarrek jaien azken aurreko eguna.
Gaur izango dute sanpedroetako azken festa eguna Beizaman; besteak beste, meza, jubilatuen bazkaria eta jaien bukaerako afaria izango dituzte. Hona hemen gaurko egitaraua, osorik:
Gaur, astelehena, San Pedro eguna
- Goizean, trikitilariak.
- 12:00. Meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- 18:00. Bingo musikatua.
- 20:30. Jaien bukaerako afaria.
- 22:30. Su festa.
(Argazkiak: utzitakoak)