Sanpedroetako hirugarren eguna dute gaurkoa Beizaman, eta garaiz ekin diete festetako egitarauan jasotako ekintzei, trikitilarien saioarekin eta eskulangileen azoka bereziarekin. Lehen orduetan plazan jendearen joan-etorri handirik ez da izan, Ilunpeko gaztetxoen pilota jaialdiak bereganatu duelako gehienen arreta, baina partidak bukatu ahala, plazara arrimatuz joan da jendea, eta eguerdi parterako giro polita sortu da. Izan da aukera baliatu duenik artisauen lanak ikusteko eta erosketatxoren batzuk egiteko; beste batzuek, aldiz, eztarria bustitzeari eta sabela betetzeari eman diote lehentasuna.
Eguerdira artekoak eginda, arratsaldean jarraituko du festak. 19:00etan hasita, herri kirol saioa izango da plazan. Eneko Otañok eta Hodei Ezpeletak aizkoran egingo dute erakustaldia, eta Olaia Esnaolak eta Estefania Etxebestek harri jasotzen.
Hona hemen bihar iluntzera arteko egitaraua, osorik:
Gaur, igandea
- 19:00. Herri kirolak.
Bihar, astelehena, San Pedro eguna
- Goizean, trikitilariak.
- 12:00. Meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- 18:00. Bingo musikatua.
- 20:30. Jaien bukaerako afaria.
- 22:30. Su festa.