Atzo eguerdian hasi ziren Beizamako San Pedro jaiak, eta ordutik, festa giroa da nagusi herrian. Herri horretara bizitzera joan berri diren lagunek bota zuten jaien hasierako txupinazoa, eta arratsaldean, umeentzako jolasak, patata tortilla lehiaketa eta Bapatean taldearen kontzertua izan ziren.
Giro bikainean igaro zuten eguna beizamarrek, eta gaurkoa ere halaxe hasi dute. Izan ere, dozenaka lagunek Beizamako herrigunetik San Lorentzo ermitara txangoa egin dute goizean, eta hara iristean, sabelak betetzeko parada izan dute. Arratsaldean segituko dute festekin, karta txapelketako finalak eta toka txapelketa egingo baitituzte. Gero, herri afariaz gozatu ahal izango dute, eta festa Toño DJaren emanaldiarekin borobilduko dute.
Bihar eta etzi ere San Pedroak ospatzen segituko dute. Hona hemen datozen orduetarako eta egunetarako prestatuta duten egitaraua:
Gaur, zapatua
- 17:30. Karta txapelketaren finalak.
- 19:30. Toka txapelketa.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:00. Toño DJa.
Bihar, igandea
- Goizean, trikitilariak.
- 10.15. Meza.
- 10:30-14:30. Azoka berezia.
- 11:00. Pilota partidak.
- 19:00. Herri kirolak.
Etzi, astelehena, San Pedro eguna
- Goizean, trikitilariak.
- 12:00. Meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- 18:00. Bingo musikatua.
- 20:30. Jaien bukaerako afaria.
- 22:30. Su festa.