San Pedro jaietan murgildu da gaur, ostirala, Beizamako herria. 13:00etan eman diote su jaiak hasi direla iragartzeko suziriari. Normalean, azken urtean herrian jaiotako haurrak eta haren familiak izan ohi dute festei ekiteko etxafuegoa botatzeko ohorea, baina haur jaioberririk ez denez izan aurten, herrian erroldatutako azken herritarrak izan dira sanpedroetako festen iragarleak. Hain justu, Aisha, Amaia, Diana, Nikolai eta Jose Carlos igo dira udaletxeko balkoira, Pedro Otaegi alkatearekin batera. "Aupa Beizama eta aupa sanpedroak!" oihukatuz eman diete jaiei hasiera.
Festak hasita, segituan murgildu dira jai giroan Beizaman; izan ere, Iagomagok magia ikuskizuna eskaini die han bildu diren herritarrei. Arratsalde erdira arte gaur ez da izango ekintzarik, baina ordutik gauerdira bitartean askotariko hitzorduak izango dira: 17:00etan, haurrei, gazteei eta helduei bideratutako jolasak egingo dituzte; 19:00etan, aurtengo Beizamako patata tortillarik onena nor den ebazteko lehiaketa egingo dute; eta 22:30ean, Bapatean taldeak eskainiko du kontzertua musika zaleentzat.
Bihar, etzi eta San Pedro egunez ere izango dira ekintzak Beizaman. Hona hemen aurtengo jaien egitaraua:
Gaur, ostirala:
- 17:00. Haur, gazte eta helduentzako jolasak.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
- 22:30. Bapatean musika taldea.
Bihar, larunbata:
- 10:00. Mendi irteera.
- 17:30. Karta txapelketaren finalak.
- 19:30. Toka txapelketa.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:00. Toño DJa.
Etzi, igandea:
- Goizean, trikitilariak.
- 10.15. Meza.
- 10:30-14:30. Azoka berezia.
- 11:00. Pilota partidak.
- 19:00. Herri kirolak.
Ekainak 29, astelehena:
- Goizean, trikitilariak.
- 12:00. Meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- 18:00. Bingo musikatua.
- 20:30. Jaien bukaerako afaria.
- 22:30. Su festa.