Beizamako sanpedroak 2026

San Pedro jaietan murgiltzeko prest dira Beizaman

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 23a

San Pedro eguneko azoka, iaz, Beizaman. (Ihintza Elustondo)

Ostiralean botako dute Beizaman festen hasierako suziria, 13:00etan. Astelehenera bitartean, askotariko ekintzak izango dira. Igandean, Gukak haurrei zuzendutako txoko berezia jarriko du han, 10:30etik aurrera. 

San Pedro jaietako motorrak berotzeko, karta txapelketako kanporaketak jokatu dituzte asteburuan Beizaman, baina ostiralean, ekainaren 26an, murgilduko dira jai giro bete-betean han. Hain zuzen ere, 13:00etan botako dute festen hasierako txupinazoa, azken urtean Beizaman erroldatu direnen eskutik. Horren ostean, Iagomagoren emanaldia izango da, eta arratsaldean beste hainbat ekintza egingo dituzte.  

Larunbatean, mendi irteera eta txapelketen finalak izango dituzte, eta gauean, urtero egin ohi duten herri afaria. Igandean, trikitilariekin ekingo diote goizari, eta ondoren, eskulangileen azoka egingo dute, 10:30etik 14:30era. Horrez gain, Gukak haurrei zuzendutako txokoa jarriko du azoka egiten duten bitartean; 10:30etik aurrera izango da txokoa zabalik. 

Igandean, kirola nagusi

Igandean, era berean, kirol saioak izango dira nagusi. Izan ere, pilota partidak jokatuko dituzte 11:00etan hasita, eta arratsaldean herri kirol saioa izango da. Honako hauek lehiatuko dira pilotan:

-Aiur Olaizola-Oihan Lizarralde vs Aratz Azkoitia-Eki Sarasua

-Jone Mendizabal-Xabat Goenaga vs Maddi Gurrutxaga-Oihan Uranga

-Xuban Arandia-Paul Egiguren vs Adel Lizarralde-Ibai Larrañaga

19:00etan, herri kirol saioa egingo dute. Aizkoran, Eneko Otaño eta Hodei Ezpeleta ariko dira, eta harri jasotzen, Olaia Esnaola eta Estefania Etxebeste. 

Astelehenean, San Pedro egunez amaituko dituzte festak Beizaman. Besteak beste, trikitilariak, meza, jubilatuen bazkaria –aldez aurretik izena eman behar da ostatuan–, bingo musikatua eta jaien bukaerako afaria –aldez aurretik izena eman behar da ostatuan– egingo dituzte, eta 22:30ean izango den su festarekin amaituko dituzte festak. 

Hona hemen festetako egitaraua, osorik:

Ekainak 26, ostirala

  • 13:00. Txupinazoa.
  • 13:15. Iago magoaren emanaldia.
  • 17:00. Haur, gazte eta helduentzako jolasak.
  • 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
  • 22:30. Bapatean musika taldea.

Ekainak 27, larunbata

  • 10:00. Mendi irteera.
  • 17:30. Karta txapelketaren finalak.
  • 19:30. Toka txapelketa.
  • 21:00. Herri afaria.
  • 23:00. DJ Toño.

Ekainak 28, igandea

  • Goizean, trikitilariak.
  • 10.15. Meza. 
  • 10:30-14:30. Azoka berezia.
  • 11:00. Pilota partidak.
  • 19:00. Herri kirolak.

Ekainak 29, astelehena. San Pedro eguna

  • Goizean, trikitilariak.
  • 12:00. Meza.
  • 14:00. Jubilatuen bazkaria.
  • 18:00. Bingo musikatua.
  • 20:30. Jaien bukaerako afaria.
  • 22:30. Su festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide