Azpeitiko Udalak datorren urteko kirol abonuak berritzeko prozesua hasiko du urtearen amaieran, eta hobariak dituztenei zein familia abonua dutenei hainbat eginbeharreko helarazi dizkie: batetik, kirol azpiegituren bazkide direnek eta hobariren bat jasotzen dutenek agiria eguneratu behar dute, eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko. Bestetik, familia abonuarekin jarraitu nahi duten 18 eta 30 urte bitarteko bazkideek diru iturririk ez dutela frogatu beharko dute. Agiriak hilaren 19ra bitartean aurkeztu behar dira, igerilekuaren harreran bertan edo adminisigerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita.
Bestalde, urtarriletik aurrera baja eman nahi duten bazkideek, hilaren 28ra bitartean izango dute horretarako aukera, baja orria igerilekuko harreran aurkeztuta. Modu horretara, 2027ko urtarrileko kuota ez dute ordainduko, eta bestela, automatikoki berrituko zaie bazkidetza.
Kuotaren ordainketa aldi bakarrean egin nahi duten bazkideek ere harrerak adierazi beharko dute hori; kasu horretan, ordea, urtean zehar baja emanda ere ez da ordaindutako zenbatekorik itzuliko. Eta bestela, abonuaren ordainketa automatikoki hilabeteko kuotetan zatikatuko da.
Udalak, gainera, gogoratu du datorren urteko ordenantza fiskaletarako arlo horri lotutako bi berezitasuna daudela onartuta: batetik, datorren urtetik aurrera, edozein unetan egongo da baja emateko aukera, eta eskaera hilaren 25a baino lehen aurkezten bada, hurrengo hilabetearen lehen egunetik jarriko da indarrean baja. Bestetik, %2,5 igoko dituzte kirol azpiegituretako kuotak.