Euskal Antzerki Topaketak azken txanpan sartzear dira. Igandean jaitsiko dute aurtengo edizioaren teloia, 2026ko Ikusleen Saria jakinarazita. Baina aurretik, gaurtik hasita, lau antzezlan ikusteko aukera izango da. Horietako aurrena da Hegan egiteko gogoa da (Piszifaktoria Ideien Laborategia). Gaur, lehen emanaldirako sarrerak agortuta, bitan emango dute, 19:00etan eta 20:00etan, Soreasun.
Buruko gaitzek eta neurodibergentziak eragiten duten barne ezinegona du ardatz obrak, eta "murgiltze esperientzia" gisa hartzen dute sortzaileek. Izan ere, "ikuskizun ikusezin gisa diseinatuta dago, ikusmena alde batera utzita bizitzeko". Mikel Ayllon zuzendariak aurreratu duenez, antzerkia baino gehiago da: "Gure ikuskizuna esperientzia berezi bat da, proiektu eta obra berezi bat, publikoa jartzen duena obraren erdigunean. Normalean, ohituta gaude artistak oholtzan egotera, eta publikoak haiei begiratzen die ondotik. Kasu honetan, publikoa egongo da obraren barruan, nolabait, eta bizi ahal izango du istorio guztia lehenengo pertsonan, bakoitzaren bizipen propioa balitz bezala. Alde horretatik, uste dugu interesgarria izan daitekeela proposamena".
Zentzumenen garrantzia
Ikusleek begiak estalita parte hartzen dute ikuskizunean, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena erabilita. Modu horretan, ikuslea bera ere bihurtzen da piezaren protagonista, instalazio sentsorial baten barruan. Horrela azaldu du zuzendariak: "Zentzumenekin asko jolasten dugu, baina ikusmena ez dugu erabiliko. Normalean publikoak hori egiten du, ikusi, begiratu; eta kasu honetan, ezingo du begiratu. Begiak estaliko dizkiogu jendeari eta, beraz, beste zentzumen guztien bitartez biziko dute antzezlana".
Emanaldia berezia dela jakitun, ikusleei lasai egoteko deia egiten diete aktoreek. "Jendea izutu egiten da horrelako proposamenekin eta berehala hasten dira pentsatzen zer egin beharko duten saioan zehar. Beraz, argi esan nahi dugu ez dagoela bestelako misteriorik. Ez dute ezer egin behar, ez dute besteen aurrean hitz egin behar; besterik gabe, egotean datza kontua. Gainera, badu abantaila polit bat, den-denak egongo baitira begiak estalita".
Aldatzen doan obra
Proiektuak duen formak berak erabat baldintzatu du zuzendariaren sormen prozesua. Ayllonek azaldu duenez, ikusleen rola ezinbestekoa da obran. "Finean, gure obran benetako protagonistak ez gara bi aktoreak. Guztiok gaude obran eta gu, nolabait, laguntzaileak edo bideratzaileak gara, istorioari forma ematen diotenak, pixka bat. Beraz, funtzionatu dezan, jendea behar-beharrezkoa da. Hala ere, badauka gauza positibo bat, guri asko gustatzen zaiguna", azaldu du Piszifaktoriako aktore eta zuzendariak. Hain zuzen, obra berezi egiten duena da uneoro aldatzen ari dela: "Emanaldiz emanaldi obra aldatzen doa. Teknikoki, esan dezakegu emanaldi batetik bestera desberdina dela, publikoaren araberakoa delako. Uneoro gabiltza erabakiak hartzen, gauza berriak gehitzen edo zaharrak aldatzen".
Hainbat lekutan eskaini dute Hegan egiteko gogoa da, eta harrera ona jaso dute. Batez ere, jendeak buruko gaitzen inguruan hitz egitea baloratu du Ayllonek: "Ikusleen feedback oso ona jaso dugu. Ziurrenik, guztiok gertutik bizi dugun auzi bat delako, eta konturatzen garelako ez dugula horren inguruan hitz egiten. Mendebalde aberats honetako arazo nagusietako bat da buru osasuna. Daukagun sistema ekonomiko eta sozialak erotu egiten gaitu, eta hori da, nolabait, guk ematen dugun mezua edo ikuspuntua. Mezua irekia da, baina gogoetarako aukera zabaltzen du. Ikuslea momentu batean ohartzen da pertsonala kolektiboa ere badela, eta arazo politikoa dela". Hor aukitzen du ikusleak galdera, parez pare: "Zorotzat hartu gaituzte, baina nor dago zoratuta? Gu ala gizartea?".