Itsasi euskal kultur taldeak bost hamarkadatan egindako ibilbidea ospatuko du aurtengo azaroan hasi eta datorren urteko azaroa bitartean. Gaur egin duten Itsasi Egunarekin hasi dituzte ospakizun ekitaldiak. 11:30ean, egun osoko jaiari ekiteko txupinazoa bota dute, eta, ondoren, umeen kalejira eta dantza saioa izan dira. Gero, 13:00etan, muxikoak izan dira plazan.
Eguerdian, bazkaria egin dute Azoka Plazan, eta arratsaldean, Iratzar taldeak plazan eskainiko duen erromeriarekin borobilduko dute eguna. Gaurko hitzorduarekin, dantza eta alaitasuna uztartuz, 50. urtemuga herri osoarekin elkarbanatu nahi izan dute Itsasiko kideek; hau da, "jai kolektiboa" sortzea izan dute helburu. Giro ederra sortu da herrian.
Datorren azarora bitartean, urtaro bakoitzerako hitzordu berezi bat aurreikusi du Itsasik. Neguan, Zuberoako maskaradak bertatik bertara ezagutzeko formazio bidaia bat egingo dute taldekideek; maiatzean, udaberriarekin batera, 50 urteko historia bilduko duen argazki eta euskal arropa erakusketa jarriko dute ikusgai; eta uztailean, Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, azken bost hamarkadetan elkarteko kide izan diren dantzariak eta musikariak oholtza gainean elkartuko dituen ikuskizun nagusia aurkeztuko dute.
Udari begira, beste plan berezi bat ere badute buruan, nazioarteko folklore jaialdi batean parte hartzea, hain zuzen. Dena den, oraindik ez dute aurreratu nora joko duten Itsasikoek. Udazkenean, berriz, elkartearen historia jasoz Kulturaz kooperatibak ekoitzitako dokumentala aurkeztuko dute; eta azaroan bukatuko dute ospakizun urtea, itxiera ekitaldi batekin.