Iaz bezala itzal txotxongiloak ezagutzeko, sortzeko nahiz haiekin jolasteko tailerra egiten ari dira herriko hiru ikastetxetako Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleak, Betharrametako erakusketa aretoan. 44. Euskal Antzerki Topaketetako egitarauaren barruko saioak dira, Zurrunka teatroa taldeko Eñaut Gorbeak gidatuta. Ostiralera bitarteko saio horiek eskola taldeei zuzendutakoak dira.
Horrez gainera, datorren larunbatean, azaroaren 7an, 5 urtetik aurrerakoentzako, Hortzmuga amestuz izenburuko txotxongilo tailerra egingo dute, 10:30ean, Dinamoa sormen gunean. Natur elementuak eta bestelako materialak erabiliz argiarekin eta itzalarekin dantza egiteko paisaia erraldoia sortuko dute tailerrean parte hartzen dutenek eta itzal antzerkiaren teknikak ezagutuko dituzte. Saiorako sarrerak Antzerkitopaketak.eus webgunean eskuratu daitezke.
Txotxongiloei lotutako beste saio bat ere izango da tailerraren egunean, azaroaren 7an. Izan ere, Birakolore kale antzerkia egingo du Zurrunka teatroak, 16:30ean, Perez Arregi plazan. Gorputz txotxongiloekin eskainiko dute emanaldia.
Txotxongiloen tailerrez eta emanaldiez gainera, antzerkia bor-bor izango da aste honetan ere Azpeitian. Hona aste honetako emanaldiak:
- Azaroak 5, osteguna. Jo! antzezlana, Magma Mia taldearekin. 19:00etan, Soreasu antzokian.
- Azaroak 6, ostirala. Zanbuila antzezlana, Lolak kolektiboarekin. 19:00etan, Soreasu antzokian.
- Azaroak 7, larunbata. Birakolore kale antzerkia, Zurrunka teatroa. 16:30ean, Perez Arregi plazan.
- Azaroak 8, igandea. Sidari obra, Xake produkzioakekin. 19:00etan, Soreasu antzokian.