Udal eta foru hauteskundeak 2027

Xabier Aldalur izango da EH Bilduren alkategaia udal hauteskundeetan

Aitziber Arzallus

Xabier Aldalur EH Bilduren Azpeitiko alkategaia erdian, atzean EH Bilduren oinarriekin. (EH Bildu)

Azpeitiko EH Bilduk gaur jakinarazi du Aldalur izango dela datorren urteko maiatzaren 23an izango diren udal hauteskundeetarako bere alkategaia. Azpeitiarra da Aldalur, 1990an jaioa, eta Azpeitiko Bertan merkataritza elkartean zein Gipuzkoako Dendartean federazioan jardun du azken urteetan. Aldalurrek "ilusioz eta gogotsu" heldu dio erronkari, eta herrigintzan sakontzeko konpromisoa adierazi du.   

Nagore Alkorta alkateak aste honen hasieran jakinarazi zuen maiatzeko udal hauteskundeetan ez dela berriz alkate izateko aurkeztuko, baina koalizio abertzaleak jakinarazi du dagoeneko zein izango den bere hautagaia: Xabier Aldalur. Gaur arratsaldean EH Bilduk herri batzarra egin du Basazabal jauregian, eta batzar horren ostean eman du alkatetzarako hautagaiaren berri.

Xabier Aldalur Agirre (Azpeitia, 1990), Enpresa Zuzendaritzan eta Administraritzan lizentziatua da, finantzen arloko espezializazioarekin. Merkataritzako aholkulari tekniko graduondoa du, eta Azpeitiko Bertan merkataritza elkartean zein Gipuzkoako Dendartean federazioan lan egin du azken urteetan, aholkularitza teknikoan. Ilunpe pilota elkartean boluntario aritutakoa da, eta gaur egun Ekindar energia kooperatibako zuzendaritza batzordeko kidea da. "Freskotasuna, kudeaketarako gaitasuna eta hurbiltasuna" biltzen dituen hautagaia dela iritzita proposatu du EH Bilduren mahai politikoak, baita "Azpeitia ondo ezagutzen duen alkategaia" delako ere.

Umorea erabiliz aurkeztu du bere burua Aldalurrek batzarrean: "Errebalean jaio eta Damason hezia, azpeitiar peto-petoa naiz. Ez da neuk diodan zerbait, Gukak eta udalak antolaturiko Xapokeitan lehiaketan duela urte batzuk lorturiko titulua baizik". Hain zuzen ere, lehiaketa horretako irabazleetako bat izan zen Aldalur. Herrian hamaika modutara ezagutzen dutela esan du: "Koldo Aldalur esatariaren eta Laratzeko Olatzen semea; pilota entrenatzailea; Xabi Bertan edota Alda, lagunentzat". Halere, orain "horien guztien gainetik gailenduko den etiketa bat" hartu nahi luke: "Azpeitiko alkatea".

Eskerrak eman dizkie herriko alkate izateko berarekin pentsatu dutenei, eta baita proposamena onartzera animatu duten hurbileko pertsonei ere. Nabarmendu du hartutako erabakiarekin "ziur eta indarrez" sentitzen dela, "ilusioz eta gogotsu" heldu diola erronkari, nahiz eta "ohore eta ardura" handia ere sentitzen dituen. Berarentzat lan berria izango bada ere, ondoan izango duen taldean "konfiantza" duela adierazi du, "esperientzia eta ilusioa" uztartzen dituen lantaldea osatu dutelako.

Gauzak egiteko moduan jarri du arreta Aldalurrek, eta esan du EH Bilduren ibilbidean "horren garrantzitsua den herrigintzari leku nabarmena" eman nahi diola: "Herritarren eta eragileen beharra daukagu datozen erronkei erantzuteko". Eta erronka horiek zerrendatu ere egin ditu: etxebizitzaren arazoari erantzun praktikoak ematea; adinekoak, menpekotasuna duten pertsonak eta herritar zaurgarrienak duin bizitzeko baliabideak, zerbitzuak eta azpiegiturak jartzea; klima larrialdiari eta trantsizio ekosozialari herri bezala erantzutea, herri jabetzako proiektuak sustatuta; herri ekonomia sustatzea, herriko lantokien eta merkatarien beharrei erantzunda eta lanpostu duinen aldeko politikak abiarazita; jatorri edota familia atzerritarra duten herritarren integrazioa bultzatzea, euskara ardatz hartuta eta kulturen arteko zubiak eraikita; eta Azpeitiak herri gisa duen izaerari eustea eta herriko eragile sozialek egunero egiten duten lana babestea, "berdintasun balioetan eraikitako herri feminista, euskalduna, kulturzalea eta kirolzalea izan dadin gurea, herritarrek osatzen eta dinamizatzen duten Azpeitia". Oro har, "inor atzean utzi gabe aurrera egingo duen herria" lortu nahi dutela esan du Aldalurrek. "Garai eta herri honek behar dituzten proiektuak gauzatzeko helburuz nator, azken urteetako eraldaketan sakonduz".

Ausartak izateko deia

Nagore Alkorta alkateak ere hitza hartu du batzarrean. Alkategai berriarengan "erabateko konfiantza" duela esan du, eta jakinarazi du hurrengo agintaldian ere "edozertan laguntzeko prest" egongo dela. Berriz alkategai ez dela aurkeztuko esateko astelehenean kaleratu zuen gutunean esandakoa berretsi du, eta nabarmendu, ez dela inoiz damutu izan alkate izateko pausoa eman izanaz. Esan du hainbat "proiektu eder" daudela abian eta egitekoen artean: "Hurrengo herri programa diseinatzea tokatzen da orain".

Datorren taldeari ere mintzatu zaio Alkorta: "Ausartak izateko eskatuko nieke. Jaisteko kalera; zabalik izateko udaleko ateak herritarrentzat". Eta esker hitzak izan ditu Azpeitiko EH Bilduren oinarrientzat: "Mundialak zarete, beti aurkitu izan dut jendea prest laguntzeko". EH Bildurena proiektu "kolektiboa" dela azpimarratu du, eta kolektibotasun hori indartzen jarraitzeko deia eginez amaitu du. 

Xabier Aldalur da Azpeitiko EH Bilduren mahai politikoak alkatetza lehiatzeko eginiko proposamena. EH Bilduren oinarriek proposamen hori baieztatu beharko dute urtarrila bitartean luzatuko den barne prozesuan. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide