"Tratu txarren osteko alaitasuna", agertokira

Nerea Uranga

Bi baso bat ur antzezlaneko lau aktoreak –eskuinetik aurrenekoa, Iraia Elias zarauztarra–. (Mendi Urruzuno)

Bihar hasiko dira Azpeitiko 44. Euskal Antzerki Topaketak, eta azaroaren 23ra bitartean hainbat antzezlanekin gozatzeko aukera izango da Soreasu antzokian. Asteburu honetan Soreasuko agertokian egingo duten antzezlanetako bat Metrokoadroka kolektiboaren Bi baso bat ur antzezlana izango da. Igandean izango da hori, 19:00etan hasita.

Bihartik azaroaren 22ra bitartean, antzerkiarena izango da Soreasu antzokiko agertokia, bihar hasiko baitira Azpeitiko 44. Euskal Antzerki Topaketak. Asteburuan bi antzezlan izango dira, biak 19:00etan hasita: bihar, Tanttaka Teatroaren Desobedienteak 18/98 obra; eta igandean, Bi baso bat ur, Metrokoadroka kolektiboarena.

Metrokoadroka kolektibokoek Soreasuko agertokia ederki ezagutzen dute, baita Azpeitiko Antzerki Topaketak ere. Hala dio Edurne Azkaraterekin batera Bi baso bat ur antzezlana zuzendu duen Oier Guillanek. Bi baso bat ur obran tratu txarrak jasandako pertsona baten ondorengoaz hitz egiten dute, umorez. "Tratu txarren osteko alaitasuna azaleratzen du obrak", Guillanen arabera. "Hori entzunda, fribolitaterako arriskua dagoela ematen du, baina ez da hori antzezlanaren ikuspegia. Ikuspegia da trauma bat jasan duen pertsona baten trauma osteko prozesuan umoreak eta alaitasunak jokatzen duten rolaz hitz egitea. Ahalduntzeaz, pertsonari ezabatua izan zaion gizatasuna berreskuratzeaz zein umoreak eta alaitasunak tresna gisa duten paperaz hitz egiten du obrak".

Bakarrizketa bat da antzezlana. Off-eko ahotsa entzuten da, Lea izeneko pertsonaiarena da. Horrek bere esperientzia kontatzen du, eta bitartean, lau aktore ikusten dira agertokian: Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias zarauztarra. "Nolabait, Lea pertsonaiaren barruko lau ahots islatuko dituzte lau aktoreek. Tratu txarren traumen kasuetan, askotan disoziazioari buruz hitz egiten da; lau aktore horiek hori islatuko dute, nolabait. Elkarrekin lotuta doaz, off-eko ahotsak kontatzen diguna gorpuzten dute lau aktoreek. Traumen osteko ezintasuna dantza egiteko ezintasunarekin irudikatuko da", aurreratu du Guillanek. Bi baso bat ur obran "umore, mugimendu eta hunkidura asko" daude.

Harrera bikaina

Joan den otsailean estreinatu zuen Metrokoadroka kolektiboak Bi baso bat ur antzezlana Galdakaon (Bizkaia), eta ordutik Euskal Herriko makina bat antzokitan erakutsi dute. Antzezlanak ikusleen aldetik izan duen harrerarekin "txundituta" daudela adierazi du Guillanek: "Oso harrera ona izan du". Obraren gaia eta hori lantzeko erabili duten forma "arriskutsuak" dira, antzerkigilearen arabera. "Gure helburua izan da gai sakon bati buruz hitz egitea, errespetua galdu gabe, eta, era berean, jendeak lotsarik gabe barre egitea. Antzezlanaren emanaldian jendeak barre egiten du, baina, era berean, barrenak mugituta ateratzen dira ikus-entzuleak. Halako sentsazio nahasketa bat ematen da, baina onerako". Guillan pozik dago, antzerkizaleak "esker onez" hartzen ari direlako beren antzezlana. Haren arabera, "oso ederra" da publikoaren aldetik halako erantzun ona jasotzea.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekari esker sortutako antzezlana da Bi baso bat ur. Modu kolektiboan idatzi eta sortu dute obra. Horrez gain, tratu txarrak jasandako pertsonen testigantzak zuzenean jaso zituzten, eta horrek "sekulako eragina" izan zuen idazketa prozesuan, Guillanen arabera. "Oso argi izan dugu zer norabide hartu behar genuen, eta zeintzuk izan behar zuten marra gorriek, inor ez mintzeko eta benetan islatzeko, modu artistiko batean, beraiek kontatutakoa".

Datozenak

  • Bihar, ostirala. 19:00. Desobedienteak 18/98, Tanttaka Teatroa. Soreasu antzokian. Egilea: Maria Goirizelaia. Aktoreak: Miren Arrieta, Aiora Enparantza, Iñigo Aizpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai. Zuzendatitza: Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo.
  • Azaroak 1, igandea. 19:00. Bi baso bat ur , Metrokoadroka kolektiboa. Soreasu antzokian. Aktoreak: Iraia Elias, Intza Alkain, Javier Barandiaran eta Marina Suarez. Zuzendariak: Oier Guillan eta Edurne Azkarate.
  • Azaroaren 2tik 6ra, Itzal titere laborategia, Betharram aretoan.

Sarrerak antzerkitopaketak.eus webgunearen bidez eros daitezke.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide