Datorren urterako aurrekontuen proposamena prestatzen hasia da udala, eta lanketa horren barruan, herritarrekin egon nahi du haien iritziak, beharrak eta kezkak zeintzuk diren jakiteko eta izan ditzaketen ekarpenak eta proposamenak jasotzeko. Horretarako, 11 auzotan bilerak antolatu ditu azaroaren 4tik 12ra bitartean –denak 19:00etan–: Aratz Errekan, Loiolan, Urrestillan, Matxinbentan, Nuarben, Lasaon, Oñatzen, Elosiagan, Landetan, Sanjuandegin eta Alde Zaharrean. Bilera horietan, aurrekontuetarako proposamenez ez ezik, auzoan egindako lanez eta bestelako gaiez hitz egiteko aukera ere izango dela aurreratu du udalak.
Auzo bilera horiez gain, herritarrek beste bide batzuetatik ere helarazi ahalko dizkiote beren ekarpenak udalari. Bide horietako bat dira herriko sei puntutan jarriko dituzten postontziak. Udaletxean, igerilekuan, liburutegian, Urrestillan, Jose Artetxe kalean eta Urbitarte auzoan egongo dira postontzi horiek, azaroaren 22ra arte. Beste bide bat, berriz, udalaren webgunea da; lotura honetan sartu beharko dute horretarako.
Honako hauek dira auzo bileren datak:
- Azaroak 4. Alde Zaharra. Basazabalen.
- Azaroak 4. Oñatz. Elizako lokalean.
- Azaroak 4. Lasao. Auzo lokalean.
- Azaroak 5. Loiola. Loiolako elkartean.
- Azaroak 5. Sanjuandegi. Baigera tabernan.
- Azaroak 9. Aratz Erreka. Auzoko tabernan.
- Azaroak 9. Nuarbe. Auzo lokalean.
- Azaroak 10. Urrestilla. Jubilatuen lokalean.
- Azaroak 10. Elosiaga. Añota sagardotegian.
- Azaroak 12. Matxinbenta. Auzo lokalean.
- Azaroak 12. Landeta. Kiroldegian.