Urriaren 27ra artekoa da Baigera I-eko taberna eta jatetxea kudeatzeko eskaintza aurkezteko epea

Nerea Uranga

Baigera I taberna eta jatetxearen sarrera. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak Enparan kaleko erretiratuen taberna eta jatetxearen kudeaketa atera du lehiaketa publlikora. Eskaintzak aurkezteko epea datorren asteartera (urriaren 27a) artekoa izango da. Taberna-jatetxearen kudeaketa bi urterako esleituko du udalak, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.

Azpeitiko Udalak lehiaketa publikora atera du jubilatuen Baigera I tabernaren eta jatetxearen kudeaketa, eta lehiaketa horretara eskaintzak aurkezteko epea urriaren 27ra (datorren asteartea) artekoa da. Enparan kaleko 6. zenbakian dagoen azpiegituraren kudeaketa bi urterako esleituko du udalak, beste bi urte gehiago luzatzeko aukerarekin, urtez urte. Ustiapenaren gutxieneko urteroko kanona 3.600 eurokoa izango da; hilean 300 eurokoa, alegia. Baigera I-eko taberna-jatetxea beharrezko ekipamenduarekin hornituta dagoela, eta sukaldeaz, barraz eta jantokiaz gain, terraza bat ere baduela nabarmendu du udalak.

Tabernaren eta jatetxearen zerbitzua astelehenetik igandera eskaini beharko dute, gutxienez, 09:30etik 21:00etara. Horrez gainera, establezimenduan saltzen diren elikagaiek tokiko produktuak izan beharko dutela zehaztu du erakundeak esleipen baldintzetan: "Azpeitiko plazatik 150 kilometroko erradioan ekoitzitako elikagaiak izan beharko dira". Horrez gain, esleipen baldintzaren arabera, taberna-jatetxearen kudeatzaile berriek bezeroei euskarazko arreta bermatu beharko die, eta gutxienez, sukaldeko arduradun bat eta bi zerbitzari izan beharko ditu. Honako loturan kontsulta daitezke baldintzak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide