Azpeitiko Udalak ezohiko udalbatzarra egin zuen atzo, osteguna, 2027ko ordenantza fiskalak onartzeko. Zergak, tasak eta prezio publikoak %2,5 igotzea adostu zuten bilkuran. Zaborraren tasa izango da salbuspena; izan ere, Europako Batasunak 2025ean ezarritako zuzentarau baten arabera, zabor bilketaren kostuak ezin du defizitarioa izan, eta horregatik, %7,2 igoko dute tasa hori 2027an, urtean 12 euro, alegia.
Joanes Amenabar zinegotziak eman zituen proposatutako igoeren gaineko azalpenak. Haren hitzetan, KPIaren datuak kontuan izan dituzte zenbakiak egiteko orduan, baina igoera txikiagoa proposatu dute, "herritarren ahalegin ekonomikoak neurrizkoa eta bidezkoa izan behar duelako eta udalaren egoera ekonomikoak igoera txikiagoa egitea ahalbidetzen duelako". Iraileko KPIa %4,3 izan zen Gipuzkoan, eta %5 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Ogasun batzordearen zenbait bileratan landu dituzte datorren urterako ordenantza fiskalak. Amenabarrek azaldu zuenez, lanketa horretan bi alderdi izan dituzte kontuan. Alde batetik, zuhurtzia: "Gure helburua eta betebeharra da herritarrei ahalik eta kalitate handieneko zerbitzuak eskaintzea; horretarako, beharrezkoa da udalaren sarrerak eta gastuak proportzio berean joatea". Bestetik, zergen aplikazioa progresiboa izan dadin saiatu dira: "Progresibitatea bermatzeko, diru sarreren arabera aplikatzen diren hainbat hobari ditugu. Orain arte dauden hobariak bere horretan mantenduko ditugu, baina diru sarreren zenbatekoak eguneratuta".
Hobari eta tasa berriak
Ildo horretatik, zenbait aldaketa izango dira datorren urteko ordenantza fiskaletan. Ondasun Higiezinen Zergan, familia ugarientzako hobariak guraso bakarreko familiei eta genero indarkeriaren biktima diren familiei ere aplikatuko zaizkie. Etxebizitza turistikoek, berriz, ez dute etxebizitza arrunten hondakinen tasa bera izango: jarduera komertzial edo ekonomiko bati dagokion tasa ezarriko zaie horiei.
Landa eremuko jardueren baimen tasei dagokienez, tasa espezifiko bat ezarri dute, bestelako industria jarduerei aplikatzen zaiena baliatu beharrean. Zezen plazaren erabilerarako ere tasa batzuk zehaztu dituzte, azpiegitura horrek sortzen dituen gastuei aurre egiten laguntzeko.
Etxe turistikoei, gehienezko tasa
Udalbatzarreko gai zerrendan, bigarren puntu bat ere izan zuten aztergai udal ordezkariek: egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala. Ekainean argitaratutako 3/2026 Foru Arauaren arabera, udalei dagokie udalerriko negozio turistikoei dagokien tasa turistikoa zehaztea, betiere aldundiak berak proposatutako tarte batzuen barruan. Hain zuzen, diru tarte horiek aldatu egiten dira negozio motaren arabera (hotelaren izar kopurua, nekazaritza turismoko jarduerak, aterpetxeak...). Azpeitiko Udalak erabaki du arauak zehazten dituen tarte horien barruan, gutxieneko balioak ezartzea negozio mota guztientzako, etxebizitza turistikoentzako izan ezik. "Gizartean daukagun arazo larrienetako bat da etxebizitzarena, eta hori horrela izanda, egokia iruditzen zaigu turistentzat bideratutako etxebizitzei tasa maximoa ezartzea", esan zuen Amenabarrek. 6,5 eurokoa izango da etxe turistikoen tasa pertsonako eta eguneko, eta gehienez sei egunez ordainduko da tasa hori.
Bi puntutan banatuta bozkatu zituzten ordenantza fiskalak; aurrenekoan bozkatu zituzten tasa eta zerga gehienak, eta bigarrenean egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak ados agertu ziren proposamenarekin, baina EAJko Alex Silva zinegotziak azaldu zuen ez zuela bere alderdiaren bozketarekin bat egingo, etxebizitza turistikoen arloan "interes pertsonalak" dituelako. Beraz, abstenitu egin zen hura bi puntuak bozkatzerakoan. Gainontzeko zinegotzi guztiek, EH Bilduko nahiz EAJko ordezkariek, aldeko botoak eman zituzten.
Nerea Aldai EAJko zinegotziak, bere aldetik, balorazio positiboa egin zuen proposatutako ordenantza fiskalean inguruan. Hark nabarmendu zuen erabaki egokia iruditzen zaiola KPIaren igoera baino igoera txikiagoa proposatzea tasetan eta zergetan, herritarrek gastuak ordaintzeko "esfortzu handia" egiten dutelako. Hori inbertsioak egiteko orduan muga izan daitekeela esan zuen, baina Nagore Alkorta alkateak erantzun zion udalak hori "sostengatzeko gaitasuna" izango duela. Zaborraren tasari lotuta, Aldaik nabarmendu zuen zabor gehiago nork sortzen duen jakiteko azterketa bat egitea egokia litzatekeela, eta Amenabarrek erantzun zion Urola Erdiko Mankomunitatean badutela ordezkaritza eta han izan dutela horretaz hitz egiteko aukera. Tasa turistikoari dagokionez egindako proposamenarekin ere ados azaldu zen alderdi jeltzalea.