Albistegia

YK eta Arauntza Riders "oso pozik", lau eguneko festak eman duenarekin

Julene Frantzesena

Ostegunetik igandera askotariko ekitaldiak egin dituzte skate parkearen bueltan, YK Riders Festa tarteko. Urtez urte hazten ari den festaren bosgarren edizioaren balorazio "oso positiboa" egin dute.

Ostegunetik igandera askotariko ekitaldiak egin dituzte YK Riders Festaren bosgarren edizioaren barruan, skate parkearen eremuan, eta egitasmoaren antolatzaileak "oso gustura" dira aurtengo edizioak emandakoarekin. YK eta Arauntza Riders taldeek egitasmoaren balorazio "oso positiboa" egin dute, nahiz eta "hobetzeko gauzak" badituztela uste duten.

Herritarrek emandako erantzun ona azpimarratu dute. "Ez da ezbeharrik izan, herritarrak oso ondo portatu dira, inork ez du minik hartu kirol probetan", zehaztu dute. Urtez urte, festa handitzen ari dela ere adierazi dute, inoiz baino jende gehiagok parte hartu duelako ekitaldietan. Besteren artean, larunbat goizean egindako enduro martxan 300 lagunek parte hartu zutela gogorarazi dute (laburpena, bideoan), eta jendetza izan zela igande eguerdiko artisau azokan.

Gainera, kalitate aldetik ere urteotan festak asko irabazi duelakoan daude; izan ere, puntako kirolariek parte hartu dute skate, bizikleta eta scooter erakustaldietan. Kontzertuetan izan den giro bikainari ere egin diote aipamena festaren antolatzaileek. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide