YK eta Arauntza Riderseko kideak dira Asier Leon, Xiker Aizpuru eta Simon Aldalur azpeitiarrak, eta gazteak izanagatik, ondo ezagutzen dituzte klubaren eta skate parkearen eboluzioa, haiek ere bizi baitzuten gune berriaren iritsiera. "2022an skate parkea inauguratu zenean, festa handi bat egin genuen kirolgune berria lortu zela ospatzeko, eta oso ondo joan zen. Balorazio positiboa egin genuen, jaiak ikusgarritasuna eman baitzion skate parkeari, eta ordura arte bertara etorri gabeko jendea hurbiltzen hasi zen. Denborarekin, ikusi dugu ez dela moda bat izan, sortu dela gunean praktikatzen diren kiroletarako ohitura eta zaletasuna piztu duela parkeak, bizi-bizirik dagoela", kontatu du Aldalurrek. Beraz, festak antolatzen jarraitzea otu zitzaien, baina ekainean izan ordez, urrian: "Lehen urteko arrakasta ikusita, hurrengo urtetik aurrera erabaki genuen urtero-urtero asteburu bat hartuko genuela urtemuga ospatzeko. Azken edizioak ederrak izan dira. Momentu honetan, egindako lanarekin oso gustura gaude, eta gure helburuak betetzen ari garela iruditzen zaigu: taldea eta kirola sustatzea", dio Aldalurrek.
Belaunaldi arteko lana
Hiru kideak bat datoz espazioaren garrantzia nabarmentzerakoan. "Espazio honek balio izan du gure kirolak herriratzeko eta ikusgarriago egiteko; izan ere, lehen ez ziren egunero praktikatzeko kirol gisa ikusten. Probatzen joan ahala ohartu dira herritarrak kirol ederrak direla. Etortzen den jende guztia gustura ibiltzen da", esan du Aizpuruk. Bera da gazteena, baina ondo ezagutzen ditu aurreko belaunaldiaren ibilerak: "Lehen bazen beste skate parke bat Sanjuandegin, baina baldintza oso eskasetan eman zituen azken urteak, eta, ondorioz, hainbatek kirol hauek praktikatzeari utzi zioten. Gure aurreko belaunaldikoek lan handia egin zuten Garmendipeko jauzien gunea nahiz skate parke berria lortzeko, eta neurri handi batean, haiei esker daukagu gaur egungo parke handi eta eder hau". YK Riderseko kideek Azpeitiko Udalaren laguntza nahiz babesa daukate eta etengabe daude harekin harremanetan, baina klubeko kideak beren kabuz antolatzen dira. Skate parkea, beraz, belaunaldi arteko harremanerako ezinbestekoa izan da, adin tarte desberdinetako kirolzaleen elkargunea baita. Dena den, YK eta Arauntza Riderseko kideen lana ez da Izarraizko Ateko skate parkera mugatzen.
Mendiko bideen erronka
Mendi bizikletan aritzen dira taldekide ugari, eta arlo horretan jarria dute begirada orain. "Gaur egungo gure behar eta eskaera gehienak mendi bizikletari lotutakoak dira. Izan ere, lortu genuen skate parke berria, baina mendian ere asko ibiltzen gara, besteak beste, jaitsieratan eta mendi bizikleta probetan", kontatu du Leonek. Hain zuzen, bide horiek arautzea da epe motzerako daukaten erronka. "Jaitsieratarako zaintzen ditugun mendi bideak erabili ahal izateko, udalarekin eta lursailen jabeekin hitz egiten dugu, baina lortu nahi duguna da mendi bide edo pista horiei kirol instalakuntza izendapena ematea, legezkoak eta seguruak izan daitezen", diote. Ez da aldarri berria, eta dagoeneko harremanetan daude hainbat erakunderekin. Izan ere, mendi bideen arautzea zein kudeaketa ez da soilik herrira mugatzen. Era berean, YK eta Arauntza Riderseko kideek aurreratu dute Azpeitiko eredua inguruko herrietara zabaltzeko asmoa dutela, tartean Zestoara eta Beizamara. Beraz, datozen egunak festa giroan pasatuko dituzten arren, etorkizunera begira badute zeregina.
Egitaraua:
Urriak 8, osteguna
- 18:00. Bizikleta poteoa Meolatik.
- 19:00. Foxy Ladies, Eguzkitzan.
Urriak 9, ostirala
- 17:30. Bmx, scooter, sakte eta roller ikastaroak, skateparkean.
- 20:00. YK parrillada.
- 21:00. Chekboyz, kontzertua.
- 22:30. Ban Sound DJ set.
Urriak 10, larunbata
- 09:00. Enduro martxa.
- 10.30. Tailerrak.
- 14:30. YK Bazkaria.
- 17:00. Erakustaldiak.
- 19:30. YK parrilada.
- 21:00. Kontzertuak: Puntapaxa, Zeker eta Ohil.
- Ondoren, Kukuherri Records.
Urriak 11, igandea
- 12:00. Artisau azoka eta marianitada.
- 16:00. Ume bizikleta lasterketak.
- 18:00. Erromeria.
- 21:00. Azax
- 22:00. Remember, Bombax eta Patx DJak.