Atzo jakinarazi zuten Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen antolatzaileek 44. edizioa iragarriko duen kartela zein izango den. Leire Derteano oñatiarrak egindako kartela izango da aurtengo udazkeneko topaketetako irudia, berak sortutako lanak irabazi baitu kartel lehiaketa. Beraz, 900 euroko saria jaso du Derteanok. Harekin hitz egin du Gukak.
Ez da Azpeitiko antzerki topaketetako kartel lehiaketa irabazten duzun lehenengo aldia.
Ez, aurten hirugarren aldiz irabazi dut kartel lehiaketa. Orain dela lau urte irabazi nuen aurrenengo aldiz, eta hurrengo urtean berriro izan nintzen garaile. Joan den urtean atsedena hartu nuen, baina aurten berriro aurkeztu naiz lehiaketara, eta zortea izan dut.
Zer adierazi duzu kartelean?
Geruzaz geruza kontzeptu edo ideia desberdinak azaldu nahi izan ditut kartelean. Lehenengo geruzan, Azpeitia adierazi nahi izan dut kioskoarekin. Ni kanpotarra naiz, eta kioskoa Azpeitiaren ikurra dela ulertzen dut. Bigarren geruzan, karetak eta musikako sol-en ikurra agertzen dira, antzerkiarekin lotutako ikurrak direlako. Beste geruza batean, berriz, agertokiko oihala zabalduta eta aulki bat agertzen dira, antzezlan edota emanaldi bat hastera doan momentua irudikatu nahian. Kolore biziekin egin dut lana, irudia erakargarria edota ikusgarria izan dadin. Digitalki sortutako lana da, baina ukitu analogikoa eman nahi izan diot.
Aurreko urteetan kartel lehiaketara aurkeztu zenituen lanekin alderatuta, zer du aurtengoak desberdina?
Aurreko urteetako lanak diseinu grafikoarekin lotutako lanak ziren erabat, oso irudi leunak edota zurrunak ziren. Aurtengo kartelean, ordea, beste ehundura batzuekin esperimentatu nahi izan dut, ukitu naturalagoa lortu nahian.
Antzerkizalea al zara?
Egia esanda, azkenengo urteetan gero eta gehiago joaten naiz antzerkira. Urtean zehar antzezlan batzuk programatzen dituzte Oñatin, eta tarteka, aukera daukadanetan, joaten naiz horietara. Ez naiz antzerkian aditua-eta, baina joaten naiz antzezlanak ikustera.
Bestelako kartel lehiaketaren batean parte hartzen al duzu?
Bai, parte hartu izan dut beste kartel lehiaketa batzuetan, baina ez askotan. Urtean zehar lehiaketaren batean edo bestean parte hartzen saiatzen naiz, burua pixka bat martxan edukitzeko eta eskua ez galtzeko.
Lanbidez diseinatzailea al zara?
Beno, orain diseinatzaile eta ilustratzaile lanetan aritzen naiz, baina urte askoan ingeniaritzan jardun nuen. Gustuko nuen horri ekitea erabaki nuen, eta gaur egun, benetan gustukoa dudan horretan egiten dut lan.