Atzo egin zuten iraileko ohiko udalbatzarrean, kreditu aldaketen kontu emateaz gainera, Azpeitiko Udalak Ehnergia energia komunitateen Europako sarean bazkide laguntzaile bezala sartzea onartu zuten, aho batez. Bukaeran, galdera eta erreguen txandan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Esklabetan ireki duen gimnasioari buruz galdetu zuen EAJren udal bozeramaile Jabier Altunak. "Sare sozialetan zabaldu duten bideo batean ikusi dugu Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Esklabetan gimnasio bat ireki duela, eta gure ustez, azpeitiarrentzako etxeak egiteko izan beharko lukeen eraikin bat bere gauzetarako pribatizatu du erakunde batek", kritikatu zuen Altunak.
Esklabetako gimnasioaz galdetzearekin batera, herriko beste gimnasioei edota jarduerei udalak eskatu ohi dizkien baldintzak betetzeko exijitu al zaien galdetu zuen EAJren bozeramaileak. "Beste gimnasioei edota beste jarduerei legedia betetzea eskatzen die udalak, eta ez dakigu Kontseilu Sozialistakoei zergatik ez. Bateren batek legea betetzen ez duenean, obra geldiarazi, legez eginarazi edota kasuren batean obra atzera botarazi edota isunen bat jarri izan dio udalak. Kasu honetan ez da horrelakorik egin", kritikatu zuen Altunak. "Beste behin esango dugu: Esklabetan ibiltzen diren gazteek ez daukate inongo babesik. Orduan, zergatik onartzen da Esklabetan jarduera horiek egitea? Zergatik onartzen du udalak bi motatako azpeitiarrak egotea? Batzuk legedia betetzera behartuta gaude, eta beste batzuk ez, itxura denez".
Altunaren ondoren, EH Bilduren Udal Gobernuaren izenean Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza. Alkateak esan zuen, haiek ere Esklabetako gimnasioa egiteko obren eta gimnasioko jardueraren berri sare sozialen bidez jakin dutela. "Gaiari buruz geure artean hitz egin dugu, eta gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, Kontseilu Sozialistakoekin ere bai telefonoz. Gaia nola kudeatu hitz egiteko hitzordua jartzekotan gelditu gara haiekin", jakinarazi zuen Alkortak.