German Gonzalezek eta Maria Fernandezek irabazi dute klasikoen Azpeitiko Hiria Rallya

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 19a

Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallyaren 23. edizioan 75 auto izan dira, eta 230 kilometroko ibilbidea egin dute Gipuzkoako errepideetan barrena. Maykel del Ciden omenezko rallya Lagun Artea eskuderiak antolatuta egin da.

Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallyaren 23. edizioa jokatu zen atzo, larunbata, Maykel del Ciden omenez, Lagun Artea eskuderiak antolatuta. Aurtengo edizioan 75 bikotek parte hartu dute. 11:00etan irten zuten banaka, Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekutik, eta aurrenak 20:00 aldera iritsi ziren irteerako leku berera, Gipuzkoako errepideetan barrena 230 kilometro inguruko ibilbidea egin ondoren. Rallyko txapeldunak German Gonzalez eta Maria Fernandez izan ziren, 1993. urteko Honda Civic autoarekin. Bigarren postuan Roberto eta Angel Martinez de Lizarrondok egin zuten, 1992. urteko Renaut Clio 16v autoarekin. Hirugarrenak, berriz, Ion Araneta Odriozola eta Ion Araneta Velcea izan ziren, 1987. urteko Mercedes 190 2.3 16v autoarekin. Txapel bereziak ere banatu zituzten Lagun Arteakoek, Jesus Lizaso eta Maider Lizaso aita-alabei omenaldia eginez.

Lehen hiru sarituez gainera, beste hainbat sari ere banatu zituzten atzo auto klasikoen rallyaren bukaeran. Honakoak izan ziren sarituak: azken sailkatuen garaikurra Antonio Sudupek eta Marcos Zubiaurrek jaso zuten; emakumeetan talde onenaren garaikurra Maria Aranberrik eta Oihana Arizkorretak; eskuderia onenarena Maykel del Cidek; 70eko lehenaren saria, Jagoba Agirrek eta Ibon Juaristik, 1970. urteko Alpine Allo autoarekin; 80ko lehenenarena, Txema Forondak eta Pilar Rodasek 1988. urteko BMW 325 ix autoarekin; eta 90eko aurrenarena, Jorge del Cidek eta David Carrerak 1990. urteko Peugeot 309 GTI 16v autoarekin. Sari banaketaren ondoren, rallyko parte hartzaile guztiek taldeko argazkia atera zuten.

 

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide