Martxan da Azpeitiko klasikoen rallya

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 18a

25 urtetik gorako ibilgailu klasikoak izan dira ikusgai goiz partean Epaitegiaren aurreko plazan, eta herritar ugari elkartu da autoak ikusteko. 11:00etan irten dute parte hartzaileek banaka, eta Gipuzkoako errepideetan ibili ondoren, 20:00 aldera itzuliko dira Azpeitira. 75 bikote ari dira parte hartzen. 18:00etan ordubeteko geldialdia egingo dute Zarauzko malekoian.

Auto klasikoen Azpeitia Hiria rallyaren 23. edizioan parte hartzen ari diren 75 autoek 11:00etan irten dute banaka, Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekutik. Irten aurretik autoak bertan izan dira ikusgai, eta jende asko bildu da ibilgailuak ikustera. Maykel del Ciden omenezko rallya Lagun Artea eskuderiak antolatu du.

230 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute auto klasikoek Gipuzkoako errepideetan barrena: Azpeitia, Bidania-Goiatz, Orendain, Salbatore jatetxea (20 minutuko geldialdia), Mandubi, Gabiria, Legazpiko Aitxuri jatetxea (14:00etan, bi orduko geldialdia), Mutiloa, Abaltzisketa, Aia, Zarautz (18:00etan, ordubeteko geldialdia), Meaga eta Azpeitia. 20:00etarako aurreneko autoa Azpeitian izango dela aurreikusi dute rallyaren antolatzaileek. Behin auto denak iritsitakoan sari banaketa egingo dute epaitegiaren aurreko aparkalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide