Erreportajeak

Musika, olerkia eta treneko bidaia, Udako Musika Printzak zikloa ixteko

Urtzi Oteiza - Iraia Oteiza 2026ko uztailaren 18a

Urolako trenaren 100. urteurrena oso presente izan du 2026ko Udako Printzak zikloak. Atzo eskaini zuten aurtengo emanaldi "bereziena", Ignacio Arakistainen eta Garazi Navasen musika, Maite Lopez Las Herasen olerki errezitaldiak eta Urolako trenean bidaia uztartu zituena. Jendetza bildu zen kontzertu ibiltariaz gozatzeko. 

Udako Musika Printzak zikloak Urolako trenari keinu egin dio bere azken emanaldian. Urolako trena, mende  batez gure bidaide izenburupean, kontzertu ibiltaria eskaini zuten atzokoan, eta Urolako trena martxan jarri zuten emanaldi horretarako. Garazi Navasen nahiz Ignacio Arakistainen musika, Maite Lopez Las Herasen poesia errezitaldiak eta treneko bidaia uztartu zituzten atzokoan, eta emanaldi berezi batez gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.  

21:00etan Burdinbidearen Euskal Museoan hasi zen aurreneko emanaldia. Lopez Las Herasek olerki batzuk errezitatu zituen museoko leihoetako batetik, eta Navasek akordeoiarekin eta Arakistainek pianoarekin jantzi zituzten haren hitzak.  

Jarraian, trenean sartu ziren guztiak, eta Lasaorainoko bidaia egin zuten, trenaren barruan musika nahiz olerkiak entzunez. Bagoi bakoitzean emanaldi ezberdina eskaini zuten Navasek eta Lopez Las Herasek.  

Behin Lasaora iritsita, han ere beste saio bat eskaini zuten hango geltokian, jada ilunduta. Kontzertu ibiltariarekin amaitzeko, Lasaotik atzera Azpeitira itzuli ziren denak trenez; gauez, aspaldian ez bezala. Bertaratu zirenak gustura gelditu ziren kontzertu ibiltariarekin, zerbait ezberdina izan zelako, eta askori garai bateko treneko bidaiak gogorarazi zizkietelako.  

Atzoko emanaldiarekin amaitu zen 2026ko Udako Musika Printzak zikloa. Uztailaren 10ean izan zen aurtengo zikloaren barruko lehenengo emanaldia, Javier Perez de Azpeitia pianistak zuzenean musika jarri zien zinema mutuaren hiru klasikori Burdinbidearen Euskal Museoan. Zikloak Olazko ermitan egin zuen bigarren geldialdia uztailaren 16an. Aitor Garitano tenorrak kantuan eta Ignacio Arakistainek pianoarekin hainbat euskal musikariren piezak interpretatu zituzten orduan. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide