Corrugadosekin hitzartutakoa "garden azaltzeko" exijitu dio Azpeitiko EAJk Udal Gobernuari

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 7a

Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia. (Mailo Oiarzabal)

Corrugados auziaren azken epaiaren ostean, Corrugados Azpeitia enpresarekin Azpeitiko Udalak dituen akordioak "argi eta garbi" publiko egiteko eskatu dio EAJk EH Bilduren Udal Gobernuari. Horrez gain, hitzarmen horiek udalaren ekonomian zer eragin izan ditzaketen argitzeko ere exijitu dio alderdi jeltzaleak EH Bilduri.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegiaren eremuan jarduera ekonomikoa berrabiarazteko aukera "iraungita" dagoela adierazteko Azpeitiko Udalak epaitegietan aurkeztutako helegitea. Azken epai horrek EAJk defendatutakoa "berretsi" duela azpimarratu du Azpeitiko EAJk, eta erabaki horri lotuta udalak Corrugados Azpeitia enpresarekin hitzartu duena "argi eta gardetasunez" azaltzeko exijitu dio EH Bilduri. Horrez gainera, akordio horrek Azpeitiko Udalaren ekonomian izan dezakeen eragina "argitzeko eta azaltzeko" ere eskatu diote udal gobernuari EAJkoek.

"Enpresa altzairutegiko industria jarduera berriro martxan jartzen saiatu zen unean, altzairutegiak udal lizentzia zuen, eta beraz, lantegiko jarduera ekonomikoari berriro ekiteko aukera juridikoa zegoen. EAJk hori defendatu zuen Corrugados auzian, eta azken epaiak berretsi egin du", nabarmendu du alderdi jeltzaleak. Auzitegiaren epai horrek, gainera, Corrugadosen berrindustrializazio planaren aurka egiteko EH Bilduren argudio nagusietako bat "faltsua" dela agerian utzi duela esan du EAJk.

Alderdi jeltzalearen arabera, Corrugadosen berrindustrializazio planak, "industria proiektu garrantzitsu bat" berreskuratzeko atea irekiko zukeen, lanpostu ugari sortuz zuzenean nahiz zeharka. Azpeitiarentzat eta eskualde osoarentzat "eragin ekonomiko positiboa" izango zukeen. Urte hauetan guztietan, Corrugadosi buruzko erabakiak "egiarekin" hartu behar zirela defendatu izan dutela nabarmendu dute jeltzaleek: "Zorroztasun juridikoa eta interes orokorra kontuan hartuta erabaki behar da, eta ez planteamendu ideologiko hutsarekin".

"Zalantza ugari"

Azken ebazpen judizialak, jarduera ekonomikoa iraungita zegoela defendatzeko, udalaren bidea "itxita" uzten du, EAJren ustez, "udalaren tesia faltsua dela berretsiz". Udalak epai horren berri enpresarekin akordioa egin eta denbora batera "bat-batean" eman izana ere kritikatu du alderdi jeltzaleak. Horregatik, Corrugados Azpeitia lantegiaren instalazioak desegiten hasiko direla udalak iragartzeak, "zalantza ugari" sortu dizkio EAJri.

Hori dela eta, udalak enpresaren jabearekin zer akordio lortu dituen eta jarduera horiek zer txosten juridikok babestutakoak diren argitzeko eta udalaren ekonomian eraginik izan dezakeen azaltzeko eskatu dio EAJk EH BIlduren udal gobernuari: "Udal gobernuak argitu dezala instalazioak eraisteko eta eraistea ahalbidetzeko ezkutuko itunik badagoen. Garrantzitsua da azpeitiarrek jakitea ea enpresak ondare erantzukizuneko erreklamazio bat aurkezteko aukerarik izango duen; alegia, Azpeitiko Udalak bermerik lortu duen etorkizunean Corrugados Azpeitiaren erreklamazio ekonomikoa saihesteko. Izan ere, azken epaiak indartu egiten du enpresaren posizio juridikoa, eta enpresak hartu dezakeen erabakiak Azpeitiko bizilagun guztiengan eragin dezake".

Corrugados Azpeitiaren eta udal gobernuaren arteko balizko akordioetan, herri erakundeak hartutako konpromisoak zeintzuk diren azaltzeko ere eskatu dio EAJk udalari: "Hitzarmen horietan konpromiso ekonomikoak, hirigintzakoak edota bestelakoak baldin badaude, gardentasun osoz azaldu behar lituzke udalak. Horrez gainera, udalean lantegia eraisteko eta desegiteko eskaera formalki nork erregistratu duen eta espediente hori zer baldintzatan izapidetu den jakin nahi dugu, EAJko kideok ez dugulako ezagutzen udalaren eta enpresaren artean lortutako akordioaren edukia". 

Kontuak "argi eta garbi" azaltzeko eskatu dio behin eta berriz Azpeitiko EAJk udal gobernuari, baita etorkizunean herriaren ekonomian zer ondorio izan ditzakeen ere. "Azpeitiarrek egia osoa ezagutzea merezi dute, baita informazio guztia izatea ere, urte askoan luzatu daitekeen prozesu bat gauzatu aurretik".  Informazio zehatza eskatuz, jeltzaleen udal taldeak EH Bilduko gobernu taldea "interpelatuko" duela aurreratu du Azpeitiko EAJk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide