Rubiken kuboarekin dituzten abileziak erakusten ari dira 40 bat partaide Izarraizpe Open txapelketan

Ihintza Elustondo 2026ko uztailaren 4a

Lehen aldiz ari dira speedcubing modalitateko txapelketa jokatzen Azpeitian. Goizean hasi dituzte lehiak Izarraizpe ikastolan, eta arratsaldean nahiz bihar ere jarraipena izango dute. 40 bat lagun ari dira Rubiken kuboarekin beren abileziak erakusten. 

Gaur goizean hasi dute Izarraizpe Open izeneko speedcubing txapelketa Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoan. Euskalcubing elkarteak eta Espainiako Speedcubing Elkarteak antolatu dute lehia, Mikel Manterola eta Ruben Lopez buru direla. Txapelketa gaur hasi badute ere, bihar ere izango du jarraipena; izan ere, igande arratsaldean jokatuko dituzte finalak. Guztira, 40 bat lagun ari dira txapelketan parte hartzen. 

Speedcubing-a oso modalitate ezaguna da mundu mailako Rubiken kuboaren komunitatearen barnean. Modalitate horrek Rubiken kuboa eta beste hainbat puzzle mekaniko ahalik eta denbora laburrenean osatzean datza. Speedcubing-a, Euskal Herrian, Euskalcubing elkarteak bultzatzen du nagusiki, txapelketak, tailerrak eta ekitaldiak antolatuz. Izarraizpe Open txapelketan kategoria askotako lehiak ikusteko aukera izango da. Honakoak dira Azpeitiko txapelketan egongo diren kategoriak: 4x4x4 kuboa, 7x7x7 kuboa, 6x6x6 kuboa, 3x3x3 kuboa, 2x2x2 kuboa, 5x5x5 kuboa, Megaminx, 3x3x3 kuboa esku batekin, Skewb eta Pyraminx.

Gaur –larunbata–, 09:00etan ireki dituzte ateak eta, jarraian, jokalari berrientzako tutoriala egin dute. Bertan, parte hartzaile berriei txapelketak nola funtzionatzen duen erakutsi diete. 09:30ean hasi da lehia, eta bazkaltzeko atsedenaldia 13:55ean izango da. 15:30ean hasiko da berriz ere txapelketa, eta 20:10ean ekingo diote eguneko azken errondari. Bihar –igandea–, berriz, 09:15ean irekiko dituzte ateak. 09:30ean hasiko da goizeko lehia, eta 13:25ean izango da bazkalorduko atsedenaldia. Arratsaldeko lehiaketak 14:55etik 16:50era arte iraungo du, orduan hasiko baita sari banaketa.

Gipuzkoako bigarrena

Gipuzkoan antolatzen den bigarren speedcubing txapelketa izango da Izarraizpe Open. Mikel Manterolak adierazi duenez, Gipuzkoan speedcubing-a "bultzatzeko" antolatu dute. "Gipuzkoan ez da ia halako txapelketarik egiten. Urnietan egiten da soilik, urtean behin. Bizkaian, ordea, ohikoagoa da halako txapelketak antolatzea", gaineratu du.

Manterolak Izarraizpe Open txapelketak duen garrantzia nabarmendu du, World Cube Associationek (WCA) onesten duenez, txapelketa "ofiziala" baita. "Azpeitiko Udalaren eta Euskalcubing elkartearen laguntzaz gain, txapelketa ofiziala izan dadin WCAren onarpena behar da. Elkarte horrek erabakitzen du zein txapelketa diren ofizialak eta zein ez, edo txapelketa bakoitzak zein arau bete behar dituen eta zein ez", nabarmendu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide