Uztailaren bukaeran hasiko dira Corrugados Azpeitia altzairutegia barrutik husten

Nerea Uranga 2026ko uztailaren 3a

Corrugados Azpeitiaren Amue eremuko lantegia. (Nerea Uranga)

Corrugados Azpeitia altzairutegiaren lantegia desegiteko baimenak lortuta eta husteko, garbitzeko eta deskutsatzeko lanak esleituta ditu Cristian Lay enpresak. Hil honen bukaeran hasiko dira barrua husten. Bitartean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu Amueko eremuan jarduera ekonomikoa berrabiarazteko aukera "iraungita" dagoela adierazteko Azpeitiko Udalak aurkeztutako helegitea, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak azaldutakoaren arabera.

Corrugados Azpeitia altzairutegiaren eraikina eraitsi aurretik, barrua husteko, garbitzeko eta kutsadura kentzeko lanak egingo ditu Cristian Lay enpresak. Uztailaren bukaeran hasiko dira lanean, baina bete-betean irailean hasiko dituzte lanak. Hala aurreratu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, enpresa horretako ordezkariekin hitz egin ostean.

Corrugados Azpeitiak Amueko eremuan duen lantegi guztia eraitsita eta garbituta egoteko urte eta erdi inguru beharko direla aurreikusten du alkateak. "Lanak faseka egingo dituztela azaldu digute enpresaren ordezkariek: uztailaren amaieran barrua husteko lehen mugimenduak egingo dituzte, abuztuan beste lan batzuk egiteko asmoa dute eta bete-betean barrua husteko lanak irailean hasiko dituzte. Eraikina eraisteko lanak azkenak izango dira. Lanak zuzenean Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek jarraituko ditu", aurreratu du Alkortak. 

Helegitearen kontra

Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia desegitearen prozesua hasita dagoen garaian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu eremu horretan jarduera ekonomikoa berrabiarazteko aukera "iraungita" dagoela adierazteko Azpeitiko Udalak epaitegietan aurkeztutako txostena. Alegia, atzera bota du udalaren helegitea. Hala jakinarazi du gaur alkateak berak.

Dena den, nahiz eta auzitegiak Corrugados eremuan jarduera ekonomikoa berrabiarazteko aukera iraungita dagoela ez onartu, Alkortak esan du erabaki horrek ez duela atzerabueltarik suposatzen: "Corrugados Azpeitia enpresak auzia artxibatzeko eskatuta dauka eta altzairutegia desegiteko eta eraisteko Eusko Jaurlaritzaren nahiz Azpeitiko Udalaren baimenak jasota ditu. Gainera, aktibitate ekonomikoaren gaineko zergan baja emanda du enpresak eta Eusko Jaurlaritzak ur baimenak moztuta ditu. Bestalde, Amue eremurako Plan Berezian jasota dago gune hori bizitegi erabilerarako izango dela, eta ez industria jarduerarako, baita aurreragotik egindako Plan Orokorrean ere". Kasu horretan erreferentzia egin dio alkateak 2013an EH Bilduren eta EAJren babesarekin onartutako Azpeitiko Hirigintza Plan Orokorrari eta aurretik, 2009an, Zarautz-Azpeitia eremu bitarteko Lurralde Plan Partzialean egindako aldaketari.

2013ko abuztuaren 7an itxi zituen Alfonso Gallardok Corrugados Azpeitiaren fundizioko eta laminazioko lantegiak. 2020an Cristian Lay taldearen esku gelditu zen Corrugados Azpeitia, eta Layk herriguneko labea martxan jartzeko asmoa azaldu zuen, jarduera Txukutxora lekualdatu gabe. Hautsak harrotu zituen asmo horrek, eta Corrugados auziari bide eman zion epaitegietan.

Corrugados auzian atzera eginda, 2021eko maiatzaren 24an, udalak lantegia desmuntatzeko lanak hasi zirela jakinarazi zueneko biharamunean, Corrugados Azpeitiaren Amueko lantegia ez zuela irekiko jakinarazi zuen Cristian Lay taldeak; handik bi egunera taldearen zuzendari exekutiboak EITBri irekiera ez zuela guztiz baztertzen adierazi zion, baina enpresaren asmoak hor gelditu ziren. 2023ko irailaren 19an, Azpeitiko Udalak Corrugadosen Azpeitiko lantegiaren jarduna iraungitzat emanez eta alkate dekretuz hartutako erabakiaren kontrako epaia plazaratu zuen Donostiako Lehen Administrazio Auzitegiak, enpresaren jabeek jarritako salaketa ontzat hartuta. Udalak kontrako epaia jaso ondoren, erabaki horren kontrako errekurtsoa jarri zuen, eta orain jaso du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren kontrako erabakia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide