Beroak ez ditu zapuztu sanjoanen atariko ekitaldiak Urrestillan. Asteartean, San Joan bezperan hasiko dituzte ofizialki festak, baina asteburu honetan ere musika eta kirol ekitaldirik ez da faltako.
Eguerdian, 12:00etan hasita, herri kirol erakustaldia egin dute plazan. Olaia Esnaola eta Xabier Aranburu Guzta aritu dira harri jasotzen, eta Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga, berriz, aizkoran. Horien erakustaldien ostean, hainbat herritar gazte lokotx biltzen, zaku lasterketetan eta sokatiran aritu dira, bi taldetan banatu eta elkarren aurka. Eguerdirako gogotik berotu duen arren, herritar ugari bildu da erakustaldiez gozatzera.
Gaurko egitarauan ere musikarik ez da faltako. Naizena, Modus Operandi eta Fury DJaren emanaldia izango dira plazako agertokian, 21:30ean hasita. Kontzertuez eta gaueko festa giroaz gozatu nahi dutenek Urrestillako festetara joateko autobus zerbitzu bereziak izango dituzte aukeran. Azpeititik Urrestillara 20:40an eta 22:30ean abiatuko dira autobusak. Itzulerakoak, berriz, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dira. Udalak azaldu duenez, behar adina buelta egingo dituzte autobusek, inor zerbitzurik gabe geratu ez dadin.
Bihar atsedena hartuko dute Urrestillan, eta astelehenean berriro festetako egitarauari helduko diote. Hona hemen datozen egunetarako Urrestillan prestatu duten egitaraua:
Gaur, larunbata
- 21:30. Kontzertuak: Naizena, Modus Operandi, Fury DJa.
Ekainak 22, astelehena
- 10:00. Loretoko mendi buelta, eta goian trikitilariak alaituta.
- 17:30. Gukarekin umeen txokoa.
Ekainak 23, asteartea. San Joan bezpera
- 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:30. San Joan sua piztu eta suaren inguruan dantzaldia.
- Jarraian, Laket taldearekin erromeria.
Ekainak 24, asteazkena. San Joan eguna
- 11:00. Trikitilari gazteen kalejira, buruhandiekin eta erraldoiekin.
- 11:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
- 12:00. Meza nagusia.
- 13:00. Buruhandiak.
- 20:00. Kontzertuak: Aiama, Fan&Go eta Indate DJa.
Ekainak 25, osteguna. San Joan Txiki Eguna
- 12:30. Sagardoa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Haurren merienda.
Ekainak 26, ostirala, San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.