Asteartean, San Joan bezperaz hasiko dituzte ofizialki festak Urrestillan; hala ere, asteburu honetan musika eta kirol ekitaldirik ez da faltako. Atzo arratsaldean Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearen emanaldia izan zen, eta kantuan eta dantzan ibili ziren haur, heldu eta gazteak, plazan nahiz Kalebarrenean.
Iluntzean, berriz, Euskal Pilota Federazioaren pilota partidak izan ziren Txikuri pilotalekuan, Euskal selekzioa Urrestillatik mundura lelo hartuta. Hiru partida jokatu zituzten: aurrenekoan, Enara Gamindek 22-7 irabazi zion Olatz Arrizabalagari. Bigarren partida binaka jokatu zuten eta Hormaetxe-Irazustabarrena bikoteak 22-19 irabazi zion Azketa-Garmendia bikoteari; hirugarren pilota partidan, berriz, Carregal-Bernaola 22-20 gailendu ziren Murua-Balerdi bikotearen aurka. Pilota partiden artean zozketak ere egin zituzten, honakoak izan ziren zenbaki sarituak: kamiseta bana irabazi dutenak 0208 eta 2692 zenbakiak izan dira eta saskia irabazi duena 3502.
Gaurko egitarauan ere kirola eta musika izango dira protagonistak Urrestillan. Izan ere, eguerdian, 12:00etan hasita, herri kirol erakustaldia izango da, eta 21:30etik aurrera, kontzertuak: Naizena eta Modus Operandi taldeak nahiz Fury DJa ariko dira.
Urrestillako festetara autobus zerbitzu bereziak jarri dituzte eta gaur iluntzean egongo dira. Azpeititik Urrestillara 20:40an eta 22:30ean abiatuko dira autobusak. Itzulerakoak, berriz, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dira. Udalak azaldu duenez, behar adina buelta egingo dituzte autobusek, inor ez dadin zerbitzurik gabe geratu.
Bihar atsedena hartuko dute Urrestillan, eta astelehenean, berriro festetako egitarauari helduta, Loretora mendi buelta eta trikitilariak izango dituzte goiz partean eta arratsaldean Gukak umeentzako txokoa jarriko du. Eta hurrengo egunean, San Joan bezperaz, 21:00etan pregoia irakurri eta suziria botata hasiko dituzte festak ofizialki.
Hona hemen datozen egunetarako Urrestillan prestatu duten egitaraua:
Gaur, larunbata
- 12:00. Herri kirolak.
- 21:30. Kontzertuak: Naizena, Modus Operandi, Fury DJa.
Ekainak 22, astelehena
- 10:00. Loretoko mendi buelta, eta goian trikitilariak alaituta.
- 17:30. Gukarekin umeen txokoa.
Ekainak 23, asteartea. San Joan bezpera
- 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
- Ondoren, herri afaria.
- 00:00. San Joan zuhaitza sartzea.
- 00:30. San Joan sua piztu eta suaren inguruan dantzaldia.
- Jarraian, Laket taldearekin erromeria.
Ekainak 24, asteazkena. San Joan eguna
- 11:00. Trikitilari gazteen kalejira, buruhandiekin eta erraldoiekin.
- 11:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
- 12:00. Meza nagusia.
- 13:00. Buruhandiak.
- 20:00. Kontzertuak: Aiama, Fan&Go eta Indate DJa.
Ekainak 25, osteguna. San Joan Txiki Eguna
- 12:30. Sagardoa.
- 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.
- 15:15. Mus txapelketa.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:30. Haurren merienda.
Ekainak 26, ostirala, San Joan Hirugarrena
- 17:00. Umeentzako jolasak.
- 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
- Ondoren, zuhaitzaren entierroa.