Azpeitiko udaltzainburuaren kontratazioa "irregulartasunez betea" dela salatu du Esan sindikatuak

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 10a

Sindikatuaren arabera, udaltzainburu kargurako izendatutako pertsonak ez lituzke deialdiko oinarrietan eskatutako baldintzak beteko, eta Azpeitiko Udalari "justifikaziorik gabeko tratu desberdinduarekin" jokatu izana egotzi dio. Udalak erantzun egin dio, esanez udaltzainburu postuaren izendapena "indarrean dagoen araudia eta ezarritako prozedura guztiak jarraituz" egin dela. 

Esan polizia sindikatuak inpugnazio formala aurkeztu du Azpeitiko Udaltzaingoaren egungo udaltzainburuaren izendapenaren aurka. Sindikatuaren arabera, udalak udaltzainburua izendatzeko jarraitutako prozedura "irregulartasunez betea" litzateke. "Ez gaude akats administratibo soil baten aurrean, klientelismo instituzionalaren balizko kasu baten aurrean baizik", azaldu du sindikatuak.  

Inpugnazioaren argudioak honako honetan oinarritzen dira: kargurako izendatutako pertsonak ez lituzke deialdiko oinarrietan eskatutako funtsezko baldintzak beteko. Egoera hori "larriagoa" litzateke sindikatuaren arabera, antzeko egoeran zeuden beste agente batzuk ezin izan zutelako beren burua lanposturako aurkeztu baldintza guztiak betetzen ez zituztelako; hala ere, "udalak baimena eman zuen, baldintzak betetzen ez zituen pertsona bat kontratatzeko eta udaltzainburu kargurako izendatzeko". Esanen arabera, "justifikaziorik gabeko tratu desberdinduaren zantzu larria" da hori. 

Lanpostuen zerrendaren gainean egindako kudeaketa ere salatu du sindikatuak. Dioenez, 2020tik 2025era bitartean –biak barne–, udaltzainburu postua hutsik egon da ofizialki, baina pertsona bat aritu da jardun horretan. Duela gutxi, ordea, udalak lanpostuen zerrendan aldaketa bat egin duela dio sindikatuak, "aldaketa horren inolako azalpenik eman gabe". Sindikatuaren ustez, jokabide horrek "oso irudi kezkagarria ematen du". Gogorarazi du sindikatutik behin eta berriz eskatu dutela hutsik dagoen udaltzainburu plazaren ohiko deialdia egiteko, "udalaren aldetik behar adinako erantzunik jaso gabe".

“Azpeitiko Udalak ezin du beste aldera begiratu. Irregulartasun eta faborezko tratuaren zantzu hain argiak daudenean, erakundeen betebeharra ikertzea, argitzea eta erantzukizunak bere gain hartzea da”, dio sindikatuak. Hori horrela, udalari eskatu dio udaltzainburu postuan dagoenaren funtzioak "berehala" eten ditzala, badaezpada, prozedura ebatzi bitartean "hirugarrenei kalterik ez eragiteko eta udalaren jardueraren segurtasun juridikoa zaintzeko".

Udalaren erantzuna

Azpeitiko Udalak erantzun egin dio sindikatuari adieraziz Azpeitiko Udaltzaingoaren udaltzainburu postuaren izendapena "indarrean dagoen araudia eta ezarritako prozedura guztiak jarraituz" egin dela.

Azaldu duenez, alkatetzak 2021eko martxoaren 18an emandako ebazpen bidez onartu ziren udaltzainburu postua izendapen askez hornitzeko deialdia eta oinarriak. "Erabaki hori behar bezala argitaratu zen udalaren webgunean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Prozesu osoa dagokion espediente administratiboaren, txosten juridikoen eta indarreko araudiaren arabera garatu zen". Izan ere, lanpostu batzuk urte batzuetarako soilik sortzen dituztela azaldu du udalak, eta behin epea igarota postu horietakoren bat "beharrezkotzat" jotzen badute, orduan txertatzen dutela udal lanpostuen zerrendan. "Udaltzainburuaren plazarekin hori gertatu da". 

Horri lotuta, azaldu du 2026ko maiatzean egindako lanpostuen zerrendaren aldaketak ez duela egoera berri bat sortzen, baizik eta amaituta dagoen prozedura baten ondorioak jasotzen dituela, ordura arte eguneratu gabe zegoen errealitate administratiboa islatuz. 

Azpeitiko Udalak behin eta berriz berretsi du administrazio jarduera "gardentasunez eta legezkotasun osoz" gauzatu duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide