2025eko kontuen behin betiko likidazioaren berri eman zuen udala gobernuak atzo, apirileko udalbatzarrean. Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak eman zituen datuak eta xehetasunak. Aurreko urteetako ildo beretsutik joan da 2025a, eta Azpeitiko Udala "egoera ekonomiko eta finantzario onean" dagoela berretsi dute iazko datuek.
2024an urte hasierako aurrekontutik urte bukaerakora zazpi bat milioi euroren aldea egon bazen, aurten hamar milioi ingurukoa izan da aureikusitako gastuaren hazkundea. 26,7 milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuen 2025a udalak, baina urtean zehar "zenbait partida igo" egin zituztela azaldu zuen atzo Goenagak, "bai inbertsioak handitzeko, bai zerbitzu publikoak sendotzeko"; eta, horrela, 36,56 milioi eurokoa izan zen 2025eko behin betiko udal aurrekontua.
"Aurreikusitako gastuen gauzatze tasa %79,97koa izan da; gauzatze handia, beraz", Ogasun batzordeburuaren esanetan. Gastuen atalean, urte hasieran aurreikusitako inbertsioen %80 esleitu zituen udalak urtea amaitzerako –7,46 milioi euro–. 2025ean bertan amaitu zituzten inbertsioetako batzuk, hala nola Etxe Alaiko urbanizazioaren lehen fasea, Nuarbeko aparkalekua, Izarraizpe ikastolako patioa, txakur parkeak eta bizikleten aparkalekuak; iazko urtea bukatu aurretik esleitutako beste inbertsio batzuk, berriz, 2026an zehar gauzatuko dituzte: Done Jakueko topalekua, igerileku aurreko berrurbanizazioa, Urrestillako eta Etxe Alaiko obrak... Gastuen arloko ia gauzatze maila bera izan du udalak diru sarreren atalean, %80koa. "Zergen eta tasen aurreikuspenak ondo bete dira, eta Foru Funtsetik ere aurreikusi baino %4,32 gehiago jaso dugu", zehaztu zuen atzo Goenagak.
Aipatutako datuekin, udaleko kontu hartzaileak egindako txostenaren arabera, udalak iaz ere "aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak eta gastu araua bete" egin zituela nabarmendu zuen Ogasun batzordeburuak.
Gerakinari dagokionez, 2024koa baino zertxobait txikiagoa baina ia parekoa izan da 2025aren amaieran: 17,9 milioi eurokoa zen udalaren gerakina 2024aren amaieran, eta 17,6 milioi eurokoa izan da 2025aren bukaeran. Kopuru horren "zati bat hainbat konpromisori lotua dago, eta 12,5 milioi geratzen dira gastu orokorretarako", Goenagak azaldu duenez. Erakundeak uneotan mailegu bakarra duela ere jakinarazi zuen atzo batzordeburuak, eta datorren urtean likidatuko du hori.
"Udalaren egoera ekonomikoa eta finantzarioa ona dela baieztatzen diguten datuak ditugu esku artean. Honek aurrera egiteko egonkortasuna eta indarra ematen dizkio udalari, eta 2030era arteko plan estrategikoan jasotako proiektuak gauzatzeko berme handia”, nabarmendu du Goenagak, eta gaineratu du udalaren egungo egoerak erakusten duela baliabide publikoak “eraginkortasunez eta arduraz” kudeatu direla. “Aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko konpromisoa eta betebeharra ditugu, horrela eskatzen duelako gaur egungo ziurgabetasun ekonomiko handiko testuinguruak", dio Goenagak.
Audio aktak, bidean
Apirileko lan zerrendako gainerako puntuak aho batez onartu zituzten atzoko bilkuran. Galdera-erreguen tartean, berriz, bi kontu jarri zituen mahai gainean Jabier Altuna EAJren udal taldeko bozeramaileak. Batetik, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak "hitzarmena sinatu dutela eta hitzarmen horren berri jakitea" nahiko luketela esan zuen Altunak, batetik; eta Landetako Plan Berezia oinarritzen den dokumentu estrategikoa "zenbat kostatu den jakin" nahi dutela, bestetik. Udaltzainen eta ertzainean arteko lankidetza hitzarmena "aspalditik" datorrela erantzun zuen Nagore Alkorta alkateak; hitzarmen horren berrikuspena dute esku artean bi erakundeek, baina hori ez dute sinatu oraindik, alkateak atzo azaldu zuenez, Ertzaintzak proposatutako ereduaren gainean "zenbait aldaketa" proposatuko dituelako udalak. Landetako Plan Bereziaren aipatu agiriaren kostua, berriz, begiratu eta oposizioari ematekotan gelditu zen alkatea.
Berrikuntza aipagarri bat ere izan zuen atzoko udalbatzarrak. Aurrerantzean, udalaren osoko bilkuren audioak grabatu eta audio akta formatuan jasoko dituzte, eta horretarako erabiliko dituzten mikrofonoak eta grabazio sistema atzo erabili zituzten lehen aldiz, proba gisa.