"Laster" hasiko dira Corrugados Azpeitiaren altzairutegia eraisten

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 15a

Corrugados Azpeitia lantegia zenaren eraikinak, Amueko eremuan. (Mailo Oiarzabal)

Amueko eremuan eraisketa lanak egiten hasteko baimena eman dio Azpeitiko Udalak Corrugados Azpeitia enpresari. Etorkizunean espazio horretan etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea da asmoa.

Amueko eremuan, Corrugados Azpeitia lantegia izan zen lekuan, eraisketa lanak egiten hasteko baimena eman du Azpeitiko Udalak. Duela urte batzuk itxitako enpresaren eraikinak daude eremu horretan, eta udalak adierazi duenez, horiek eraisten hasteko baimena eman dio Azpeitiko Udalak Corrugados Azpeitia enpresari. Enpresak erakunde horri baieztatu dio "laster" hasiko direla eraisketa lanekin.

Herrigunearen erdian, bederatzi hektarea hartzen ditu Amueko eremuak. Horietatik zazpi hektarea zaharkitutako industria guneak betetzen ditu gaur egun, baina udalaren arabera, aurki "itxura guztiz ezberdina" izango du eremuak. "Enpresarekin harremanetan gaude, eta baieztatu digute laster hasiko direla eraikinak botatzen", iragarri du Nagore Alkorta alkateak. Hain zuzen, lur horien jabeari dagokio eraisketa lanak egitea. Eraikinak barrutik hustu, eraikinak bota, lurra deskutsatu… hainbat faseko prozesua pasatu beharko da eremua beste erabilera batzuetarako erabilgarri egon aurretik. Aste batzuk barru epeei buruzko xehetasun gehiago ematea da udalaren asmoa.

Gunea biziberritzetik gertuago

Atzo landu zuten gaia Azpeitiko Udaleko Gobernu Batzordean, eta aho batez onartu zuten eraisketarako baimena ematea. "Albiste oso pozgarria da herriarentzat, urte luzez geldirik egon den gune bat biziberritzetik gero eta gertuago gaudelako. Amueko eraldaketak eragin zuzena izango du Azpeitiko erdigunean, espazio erabilgarriagoak eta atseginagoak sortuko baitira herritarrentzat", esan du Alkortak.

2024an onartu zuen Azpeitiko Udalak behin betiko Amueko eremurako Plan Berezia; behin-behinean onartu zutenean agerraldia egin zuen udalak. Plan horretan jasotzen den bezala, etorkizunean espazio horretan etxebizitzak eta herri erabilerarako ekipamendu komunitarioak eraikitzea da asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide