Genero berdintasunean eragiteko bigarren plana onartu du Azpeitiko Udalak

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 4a

Malen Aldalur eta Miren Arrieta, Politika Feministak eta LGTBIQ+ Politikak saileko teknikaria eta batzordeburua gaur Emakumeen Txokoan. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Udalak onartu du datozen sei urteetarako Azpeitiko Genero Berdintasunerako II. Plana. Lau ardatz ditu oinarri plan horrek, eta hori osatzeko parte hartu dute herriko hainbat norbanakok, taldek, eragilek, udal gobernuko kideek, oposizioko kideek nahiz udal teknikariek. Herriaren garapen politiko eta sozialerako "tresna estrategiko garrantzitsua" dela adierazi dute Miren Arrieta Azpeitiko Udaleko Politika Feministen eta LGTBIQ+ Politiken saileko batzordeburuak eta Malen Aldalur saileko teknikariak.

Azpeitiko Genero Berdintasunerako II. Plana udalbatzak onartu berritan, planaren inguruko agerraldia egin dute Emakumeen Txokoan Miren Arrieta Azpeitiko Udaleko Politika Feministen eta LGTBIQ+ Politiken saileko batzordeburuak eta sail horretako Malen Aldalur udal teknikariak. Udal hautetsiek atzo, martxoko ohiko udalbatzarrean, onartu zuten aho batez plan hori, baita Martxoaren 8ari lotutako adierazpen instituzionala ere. 

Sei urtekoa da Azpeitiko Genero Berdintasunerako II. Plana, 2026tik 2031ra artekoa, eta Aldalurrek laburbildu duenez, lau ardatz nagusi ditu oinarri planak: "Gobernu ona; ahalduntze feminista; gizarte antolaketa bidezkoa, berdintasunezkoa eta jasangarria; eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak". Plana osatzeko hainbat bilera egin dituztela adierazi du teknikariak, "lau ardatz horietako bakoitzeko gutxienez parte hartze saio bat egin da". Parte hartze saio horietan parte hartu dutenak, hainbat eragile, talde, norbanako, udal gobernuko nahiz oposizioko kide eta udaleko hainbat teknikari izan dira, eta horien denen "ekarpenak jaso eta kontrastatu ondoren" onartu dute plana. Emakunderen oniritzia ere jaso du, Aldalurrek esan duenez.

2031ra bitartean gauzatu asmo dituzten hainbat helburu eta ekintza jasotzen ditu planak, eta horrenbestez, "herriaren garapen politiko eta sozialerako datozen sei urteetarako tresna estrategikoa" izango da, Arrietak azpimarratu duenez. "Azken batean, LGTBIQ+ planarekin batera, berdintasun plana osatzea izan da sailaren plan estrategiko nagusia", gaineratu du.

Azpeitiko Udaleko Parekidetasun sailaren izen aldaketaren berri ere eman dute batzordeburuak eta teknikariak. Azken agintaldi honetan, Parekidetasun sailak LGTBIQ+ arloa "berariaz" landu du, eta sailaren izenak ere errealitate hori jaso behar duela erabaki dute udal ordezkariek, "sailaren eguneroko lanak bi ardatz horietan egikaritzen direlako". Beraz, hemendik aurrera Politika Feministen eta LGTBIQ+ Politiken saila izena hartuko du, orain arte Parekidetasuna izan den udal sailak.

Emakumeen Txokoak 15 urte

Emakumeen Txokoan egin dute gaurko agerraldia, beraiek ordezkari eta teknikari diren sailarentzako "oinarria eta ardatz garrantzitsua" diren tokian, Aldalurren arabera. Gogorarazi du aurtengo ikasturtean Emakumeen Txokoak hamabost urte beteko dituela, eta dagoeneko urteurren ospakizuneko prestaketak hasi dituztela. "Irailaren 17an izan zen Emakume Txokoaren inaugurazio festa, eta aurreikusten dugu data horren bueltan hasiko ditugula ospakizunak".

Hamabost urteotan Emakumeen Txokoak izan duen bilakaerarekin "oso gustura" daudela adierazi dute biek. "Urte hauetan guztietan zerbitzuz eta baliabidez janzten joan da Emakumeen Txokoa. Gainera, orain dela gutxi, eraberritu egin da azpiegitura ahalik eta goxoena egiteko ahalegina eginez". Azpiegitura horren erabiltzaileak ere gero eta gehiago direla nabarmendu dute. Datozen hilabeteak, orain arte "Emakumeen Txokoak egindako bideari balioa emateko eta aurrera begirako onurabideak marrazten joateko" baliatu nahi dituzte.

Emakume Txokoko bi langileak Azpeitiko Udalaren lanpostu zerrendara gehitzeko erabakia hartu dela ere jakinarazi du udal batzordeburuak. "Atzoko udalbatzarrean Martxoaren 8ko udal adierazpena onartu genuen aho batez, aurtengorako hainbat konpromiso zehatz hartuz. Horietako bat da Emakumeen Txokoko bi lanpostuak udalaren lanpostuen zerrendara gehitzea. Izan ere, aurretik egiteko ditugun lan horiek denak gauzatzeko ezinbestekoak ditugu giza baliabide iraunkorrak eta sendoak edukitzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide