Martxoaren 8a

'M8: emakume langileon historia' erakusketa irekiko du gaur Itaiak

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 2a

Itaiako kideak Betharramen, gaur irekiko duten erakusketa prest dutela. (Itaia)

Astelehenetik zapatura Betharram aretoan izango da ikusgai eta igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, kalera aterako dute.

Martxoaren 8aren atarian, erakusketa irekiko du gaur arratsaldean Itaiak Betharram aretoan. M8: emakume langileon historia izenburua jarri diote erakusketari, eta galdera hauei erantzuteko helburuarekin antolatu dute: "Zer dela eta ospatzen da Martxoaren 8a? Zergatik proposatu zen egun hori ospatzea? Nork proposatu zuen? Urtero-urtero gure egutegietan markatuta daukagun eguna da, baina benetan al dakigu zer ospatzen dugun? Beharrezkoa al da Emakume Langileon Nazioarteko Eguna ospatzen jarraitzea?".

Aste osoan izango dute herritarrek erakusketa ikusteko aukera. Astelehenetik zapatura Betharram aretoan izango da ikusgai eta igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, kalera aterako dute. Betharramen egongo den egunei dagokienez, gaurtik ostegunera (biak barne) Betharram aretoko arratsaldeko ohiko ordutegian irekiko dute, 18:00etatik 20:00etara; ostiralean, berriz, 17:00etatik 20:00etara; eta zapatuan, azkenik, 11:00etatik 13:00etara eta 17:30etik 19:30era. Martxoaren 7an, gainera, 12:00etan bisita gidatua egingo dute erakusketan.

Martxoaren 8a, eta gehiago ere bai

Martxoaren 8ari eta aipatutako galderen erantzunei lotutakoez gain, beste gai batzuk ere ukitu nahi izan ditu Itaiak gaur irekiko duten erakusketarekin.

Horrela, "beste bi txoko" aurkituko dituzte egunotan Betharramera joaten direnek, gaur egungo egoera eta joera zehatzekin lotura dutenak: "Batetik, joera faxistek –frankistek eta ondorengoek, esaterako– emakumeon berdintasunarekiko proposatzen duten atzerakadaren adibideak ikusi ahalko dira. Bestetik, gaia gaur egunera ekarri, eta emakume langilea askatzeko proposamen iraultzailea berrartikulatzeko beharra eta norabide horretan Itaiaren apustua aurkeztuko dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide