Sansebastianak bukatu berritan, jaien balorazio "oso ona" egin du Azpeitiko Udalak. Mikel Odriozola Festa batzordeburuak esan duenez, jendeak "oso ondo" erantzun du, entseguetatik banderaren jaitsieraraino. Herritarrek erakutsitako festarako gogoa nabarmendu du hark: "Sekulako giroa izan da; penta, atzo, azken unean, beste talde bat –Basazabal– ere animatu zen banderaren jaitsierako danborradara; jaien azken txanpan ere izugarrizko umorea igartzen zen".
San Sebastian bezperako helduen danborradan, bi talde berri atera behar zirelako eta 1.700 bat lagunek parte hartu behar zutelako, udalka "kezka puntu bat" bazuela aitortu du Odriozolak. Dena den, oro har, dena "espero bezala" joan zela adierazi du: "Plazan behar adina toki izango al zen, denboraz ondo ibiliko al ziren... Zaindu beharreko detaila asko egoten dira".
San Sebastian bezperako gauerdian Udal Musika Bandari aitortza txiki bat egin zitzaiola eta "momentu polita" izan zela esan du. "Urtez urte eta festaz festa hor egoten da banda, eta bandarekin batera, beste talde, eragile, udal langile eta norbanako askoren lana ere egoten da sansebastianen atzean. Guztiei eskerrak eman nahi genizkieke udalaren izenean".
Aurtengo jaietan eguraldia ere "lagundu" duela azpimarratu du udalak, bai bezperan, bai egunean. Hain zuzen ere, atzo, San Sebastian egunez, umeek ere "gogotik gozatu" zutela esan du erakundeak. "Egun garrantzitsua izaten da haientzat, eta behar bezala ospatzeko aukera izan zuten", adierazi du Odriozolak.
Sokamuturrik gabeko San Sebastian eguna izan zen, halaber, atzokoa, eta magia ikuskizuna nahiz zesta punta jaialdia izan ziren arratsaldeko protagonistak. Odriozolaren hitzetan, "itxura polita" hartu zuen Izarraitz pilotalekuak: "Herritarrak gustura geratu zirela esango nuke".
Udalaren lehen balorazioa "ona" izan bada ere, jaiak sakon aztertzeko bilera egingo du erakundeak danbor taldeetako, ikastetxeetako, Udal Musika Bandako, Juan Antxieta musika eskolako nahiz Itsasiko ordezkariekin, iritziak nahiz ekarpenak jasotzeko eta urtez urte sansebastianak "hobetzen" joateko.