Sansebastianak 2026

Azpeitiarrek kalean gozatuz agurtu dituzte aurtengo sansebastianak

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 21a

Zazpi elkartek parte hartu dute bart bandera jaitsierako danborradan, eta haiek herritarrak izan dituzte lagun sansebastianetako azken ekitaldian, hainbat izan baitira jaia azken minutura arte zukutzeko hautua egin duten azpeitiarrak.   

Bukatu dira aurtengo sansebastianak. Bart gauerdiko kanpaiekin batera jaitsi dute Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola Festa batzordeburuak 24 orduz udaletxeko balkoiko mastan igota egon zen bandera, sansebastianak bukatu direla irudikatuz. Hala ere, danbor hotsek beste ordu erdi batez bederen girotu zuten herria, San Sebastian martxa-ren atzetik beste bost pieza ere jo baitzituzten plazan bildu ziren zazpi taldeetako danbor jotzaileek.

Bai, zazpi talde izan dira aurtengoan: Iturri, Vivero, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza eta azken orduan festara batzea erabaki zuen Basazabal, eta nola ez, Udal Musika Banda izan zen danbor hotsei doinua jarri ziena. Ohi bezala, 23:15ean ekin zioten bandera jaitsierako danborradari, Bustinzuriko errebaletik. Danbor joleek herritarrak izan zituzten lagun eguneko azken ekitaldian, eta ez gutxi. Lehen danbor hotsak entzun baino ordu laurden bat lehenago dagoeneko jende dezente zegoen plazan zain, danborrada pasatzen ikusteko lekua hartuta. Gaur lanera joan behar izatea ez zen etxean gelditzeko aitzakia izan, eta hainbat izan ziren sansebastian eguna kalean gozatuz agurtzea erabaki zuten herritarrak.

Dagoeneko gutxiago falta da 2027ko sansebastianetarako, eta batzuek honezkero hasiko zuten atzera kontaketa. Lehenik, ordea, karnabalak. Aurten, otsailaren 15ean hasiko dira, Elegante Egunarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide