Sansebastianak 2026

Magia eta zesta-punta izan dira entretenigarri, sokamuturrik gabeko San Sebastian arratsaldean

Aitziber Arzallus 2026ko urtarrilaren 20a

Zezenik ez da ibili kalean, eta herritarrek beste modu batzuk topatu behar izan dituzte gaur arratsaldea pasatzeko. Zesta-puntako Winter Series desafioa izan da jende gehien erakarri duena; Izarraitz pilotalekuko harmailak goraino bete dituzte herritarrek.

San Sebastian egun baterako ezohiko arratsaldea izan da gaurkoa, Eusko Jaurlaritzak ezarritako debekua tarteko, sokamuturrik ez baita izan herrian. Hori dela eta, arratsaldea pasatzeko beste modu batzuk bilatu behar izan dituzte herritarrek. Gutxi batzuek Sun magoak Soreasu antzokian eskaini duen ikuskizuna hautatu dute; aldiz, asko eta asko izan dira arratsaldea Izarraitz pilotalekuan igaro dutenak zesta-puntako Winter Series desafioari begira. Frontoiko harmailak goraino bete dituzte puntista profesionalak bertatik bertara ikustera joan diren herritarrek, eta giro polita sortu da. 

18:00etan hasi da zesta-punta jaialdia, emakumeen partidarekin. Alde batetik, Helena Barrenetxea durangarra (Bizkaia) eta Frida Watkins zumaiarra aritu dira, eta, bestetik, Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra (Bizkaia). Bigarren partida gizonena izan da. Eñaut Urreisti mutrikuarrak (Gipuzkoa) eta Imanol Lopez zumaiarrak bi bizkaitar izan dituzte aurrez aurre; Aritz Erkiaga eta Unai Lekerika, hain zuzen. 

Aurtengo sansebastianei ordu gutxi batzuk besterik ez zaizkie gelditzen, baina gelditzen diren horiek kalean eta jai giroan igaro nahi duenak gauerdira bitartean oraindik badu aukera. San Sebastian eguna eta 24 ordu pasatxoko festa agurtzeko, bandera jaitsierako danborrada egingo dute gauean. 23:15ean Bustinzuriko Errebaletik irtenda, Iturri, Vivero, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza eta azken orduan festara batzea erabaki duen Basazabal dira aurten festetako azken danborradan parte hartuko duten taldeak, Udal Musika Bandarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide