Umeen danborradak distira bereziarekin jantzi du San Sebastian eguerdi eguzkitsua Azpeitiko kaleetan. Eguraldi bikainak lagunduta, herritarrek kaleak bete dituzte eta harrera beroa egin diote beste behin haurren desfile koloretsuari, baita hori itxiz atera duten Urola trenari eskainitako karrozari ere.
12:00etako sokamuturra ezean, ohi baino lehenago bete dituzte ikusleek umeen danborradaren ibilbideko bazterrak; eguzki epeletan egoteko aukera ematen zutenak izan dira preziatuenak, baina itzaletan ere ez dute babesik falta izan 12:30etik aurrera danborradak parte hartu duten 500dik gora umeek. Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda, Ikasberriko Gipuzkoako tertzioak, Iraurgiko mikeleteak, Izarraizpeko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Izarraizpeko Bizkaiko tertzioak, Itsasi taldea, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak, Izarraizpeko napoleoi gorriak eta Iraurgiko Zumalakarregi taldea kalez kale ibili dira Alde Zaharrean; desfileari batzen joan zaizkio pixkanaka inude txikiak zein helduen danborradako kidez jantzitako umetxoak, eta horien atzetik itxi du martxa, esan bezala, karrozak.
Ohi bezala, plazan bukatu dute festa, han ere ikusle ugariren aurrean. Banderadunak udaletxeko balkoian zirela, San Sebastian martxa, Soreasuko Sebastian eta Azpeitiko danborradaren gainerako pieza guztiak jo dituzte umeek, bezperan helduek bezala, danborradaren ikuskizuna amaitzeko.
Azken orduak
Umeen danborrada bukatuta, bazkaltzeko eta atsedenerako tartea hartu, eta 2026ko sansebastianen azken txanpari ekiteko prestatuko dira azpeitiarrak.
Sokamuturrik gabe, ezohiko arratsaldea izango da aurten urtarrilaren 20koa: Soreasun Sun magoaren ikuskizuna eta Izarraitzen zesta punta jaialdia izango dituzte aukeran festazaleek. Eta San Sebastian eguna eta 24 ordu pasatxoko festa agurtzeko, bandera jaitsierako danborrada, gauean. 23:15ean Bustinzuriko Errebaletik irtenda, Iturri, Vivero, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza eta azken orduan festara batzea erabaki duen Basazabal dira aurten festetako azken danborradan parte hartuko duten taldeak, Udal Musika Bandarekin batera.
Hau da datozen orduetarako jai egitaraua:
- 17:30. Sun magoaren ikuskizuna, Soreasu antzokian. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.
- 18:00. Zesta-punta. Jai Alai Winter Series desafioa, Izarraitz pilotalekuan. Sarrerak lotura honetan eros daitezke.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
- 00:00. Bandera jaitsiera, plazan.