Lehen eguzki printzekin batera, danbor hotsek eta sansebastianetako doinuek hartu dituzte berriro Azpeitiko Alde Zaharreko kaleak gaur goizean. San Sebastian egunean ohi den moduan, Aldalurren Diana-ren doinuak nagusitu dira gaur ere kaleetan. Aurrenak kalejiran Izarraitz txistulari taldekoak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izan dira. Segidan, horiei Udal Musika Banda eta Gure Ametsa eta Ardozaleak helduen danborradako taldeak batu zaizkie, eta kalez kale ibili dira.
Gero, udal ordezkariak korporazioan parrokiara joan dira, eta prozesioan atera dute herriko zaindariaren irudia, Enparan kalean eta Elizkalean ibili ondoren, eta parrokiara bueltan, eliza barruan San Sebastian martxa jo dute, eta bi dantzarik aurreskua dantzatu dute aldare aurrean. Prozesioan herritar gutxik parte hartu du, baina eliza jendez bete-beteta egon da, San Sebastian martxa jo duten bitartean.