Danbor hotsek segida izango dute gaur Azpeitian. Goiz esnatuko da gaur herria, 09:00etan, Izarraitz txistulari taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako kideen goiz eresiarekin. Gaurko lehen danbor hotsak goizean goiz Gure Ametsa eta Ardozaleak elkarteek, Udal Musika Bandarekin eta musika eskolako txilibiteroekin batera egingo duten kalejiran entzungo dira.
Jarraian, danborradako bi taldeak eta musikariak, udal ordezkariekin batera, Elizkaletik barrena Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira. Gero, San Sebastianen irudiarekin parrokiatik irten eta Alde Zaharreko kaleetan prozesioa egingo dute. 10:45ean hasiko da aurten ere meza nagusia parrokian. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek eta musika bandak San Sebastian martxa joko dute parrokiaren barruan, eta hura bukatu ondoren hasiko da elizkizuna. Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azketa ahots taldeak parte hartuko dute mezan.
Umeen danborrada 12:30ean hasiko da, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda. Honako hurrenkeran egingo dute desfilea aurten umeen taldeek: Ikasberriko Gipuzkoako tertzioak, Iraurgiko mikeleteak, Izarraizpeko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Izarraizpeko Bizkaiko tertzioak, Itsasi taldea, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberriko sukaldariak, Izarraizpeko napoleoi gorriak eta Iraurgiko Zumalakarregi taldea. Guztira, hamar taldek eta 500 ume baino gehiagok irtengo dute danborradan. Urtero bezala, danborradaren atzetik karroza aterako dute; aurtengoa, Urolako trenari buruzkoa izango da, Arte eta Diseinu Ikastegikoek egindakoa. Karrozaren atzetik, berriz, inudez, mikeletez eta abarrez jantzita desfilean irten nahi duten herritarrak joango dira. Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, danborrada plazara iritsiko da, eta han errepertorioko abesti guztiak jotzen dituztenean amaituko da haurren danbor festa.

Gauean amaituko da 24 orduko festa, banderaren jaitsierarekin. Urtero bezala, 23:15ean hasiko da bandera jaitsierako danborrada. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten honako sei taldeak: Iturri, Vivero, Oilo-Soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza. Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, gauerdian plazan elkartuko dira sei taldeak eta, Azpeitiko Musika Bandarekin batera, zuzenean joko dituzte sansebastianetako piezak. Kanpaiek hamabiak jo orduko, jaitsiko dute herriko bandera udaletxeko balkoi nagusian. Hala, datorren urtera arte isilduko dira Azpeitian sansebastianetako doinuak.
Aurten, San Sebastian egunez ez da izango sokamuturrik. Behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak otsailaren 26ra arte debekatuta ditu animaliekin egiten diren ekitaldiak.
Dena den, gaurko egunerako egitarau betea prestatu du udalak, eta berrikuntzak ere gehitu ditu. Hala, danborradez gainera, gaur arratsaldean zesta-punta jaialdia izango da Izarraitz pilotalekuan, eta Soreasu antzokian, berriz, magia ikuskizuna.
Zesta-punta jaialdiari dagokionez, Jai Alai Winter Series desafioa jokatuko dute, 18:00etan. Lehen partidan, Helena eta Frida bikotea Maite eta Maialen bikotearen aurka ariko da. Segidan, Erkiagak eta Lekerikak Urrestiren eta Lopezen aurka jokatuko dute. Jaialdirako sarrerak aurrez erosteko aukera dago eramanjaialai.com webgunean.
Kirol ikuskizunaz gainera, gaur arratsalderako Sun magoaren magia emanaldia ere antolatu dute, 17:30ean, Soreasu antzokian. Ikuskizunerako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskura daitezke.
Egitaraua:
Gaur, urtarrilaren 20a. San Sebastian eguna.
- 09:00. Goiz eresia Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolarekin.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeen, Udal Musika Bandaren eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
- 10:15. Udal ordezkariak Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
- 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
- 10:45. Meza nagusia, parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek eta Azketa ahots taldeak parte hartuko dute.
- 12:30. Haurren danborrada, karrozarekin, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda.
- 17:30. Sun magoaren ikuskizuna, Soreasu antzokian. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.
- 18:00. Zesta-punta. Jai Alai Winter Series desafioa, Izarraitz pilotalekuan. Sarrerak lotura honetan eros daitezke.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
- 00:00. Bandera jaitsiera, plazan.