Danbor arrada ozenak ireki dio atea 24 orduko festari. 22:00etatik aurrera, 33 taldetan banatuta desfilatu dute 1.700 pertsonak, Azpeitian inoiz ezagutu den San Sebastian bezperako danborrada jendetsuenean. Bi talde berrik lagundu dute helduen danborrada hazten; Iturrik eta Viverok. Baina zaharrek egindako bideari esker etortzen dira berriak, horregatik, aurten 50 urte bete dituen Irrintzi taldeak jaso du omenaldia udaletxean, gauerdiko kanpaiekin batera bandera igo eta gero.
Euriak mehatxu egin zuen iragarpenetan, baina ateri iraun du egunak, eta goraino bete diren elkarteetan eta jatetxeetan ohi baino lehenago afaldu ondotik, danbor jotzaileek gogoz eutsi diete makilei. Oñatzbideko gastadoreak abiatu dira danborradaren buruan Olazko Andre Mariaren plazaren paretik, eta ohiko ibilbidea egin du danborradak. Goiko kalean nahiz plazan danbor hotsak zabaldu ondotik, Done Jakue kaletik iritsi dira Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren aurrera eta Perez Arregi plazara. Leku horietan jo dute lehenengoz, zuzendarien aginduetara, San Sebastian martxa.
Elizkaletik, Plaza Txikitik eta Enparan kaletik pasatu ostean, Erdikaletik plazarako bidea egin du desfileak, eta gauerdia iristerako talde bakoitzak bere lekua hartu du han. Ohiko irudi ikusgarria utzi du 1.700 pertsonaren bateratzeak: koloretako mosaiko erraldoia kioskoaren bueltan eta jende andana plazaren bazterretan, ikuskizunaz gozatzen.
Banderadunek taldeetako banderak astindu dituzte udaletxeko balkoietan. Libre zirenetan, berriz, herritar hainbat izan dira danborradaz beste ikusmira batetik gozatzen, eta bertan izan zen, halaber, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Halaber, udaletxearen barruan izan dira udal ordezkariak, baita Gukaren lantaldea ere, San Sebastian bezperako zuzeneko saioa eskaintzen.
Herritar guztien festa
Gauerdiko kanpaiak hasteko minutu gutxi falta zirenean, Amaia San Vicente eta Koldo Aldalur herritarrei zuzendu zaizkie, eta festan modu batera edo bestera parte hartzeagatik eskerrak eman ostean, aipamen berezia egin diete Udal Musika Bandako kideei urte osoan zehar Azpeitiko kaleak alaitzeagatik. Bandako kideek hartu dute hitza, eta taldeko beteranoak goretsi dituzte; bat, bereziki: Javier Bergara. "Duela 67 urte, lehenengo danborradan hemen zegoen banda, eta gaur, 67 urteren ostean, hemen dago gurekin", azpimarratu dute. San Sebastian bezperako danbor hotsek "nerbioak eta emozioa" sortzen dietela aitortu dute, eta "poz berezi bat" ere bai, danborradan gero eta emakume gehiagok parte hartzen dutela egiaztatzen dutenean.
San Vicentek eta Aldalurrek gogoan izan dituzte, halaber, zaintzaz arduratzen diren herritar guztiak, eta osasungintzako nahiz zaharren egoitzetako beharginen lana nabarmendu dute. Aldarrikatu dute, bestalde, festa herritar ororena dela, baita beren herrialdeak utzita Azpeitira etorri direnena ere. Gerrek eta gatazkek kolokan jarri duten munduari ere egin diote erreferentzia: "Festa gogoarekin erantzun diezaiegun mundua iluntzen ari diren agintari bihozgabeei".
Hizlariek "kanpaiak hamabi, sentimenduak milaka!" oihu egitearekin batera iritsi da gauerdia, eta San Sebastian martxa-ren erritmora igo du herriko bandera Nagore Alkorta alkateak. Horren ondotik, udaletxean oroigarria jaso dute aurten 50 urte betetzen dituen Irrintzi taldeko ordezkariek. Udal Musika Bandak kioskotik eskainitako zuzeneko doinuen erritmora danborradako pieza guztiak jota eta azken danbor kolpeak emanda sakabanatu da jendetza, festari beste era bateko segida emateko.
Haurren txanda
Bezperako festaren ajeari aurre eginez, San Sebastian egunean murgilduko dira herritarrak ordu gutxi batzuk barru, eta bandera jaitsi arte ez dute festa etengo Azpeitian. Lehenik, 09:00etan, Izarraitz txistulari taldeko eta Juan Antxieta musika eskolako kideen goiz eresia izango da, eta atzetik, Gure Ametsa eta Ardozaleak elkarteek, Udal Musika Bandarekin eta musika eskolako txilibiteroekin batera, danborrada egingo dute Alde Zaharrean. Ohiturak agindu bezala, 09:30ean, udal ordezkariak Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira. 10:30ean, berriz, parrokiatik abiatuta prozesioa egingo dute herritarrek Alde Zaharrean, eta gero, meza nagusia adituko dute elizan, 10:45ean.
Haurren danborrada 12:30ean hasiko da. Hamar taldek osatuko dute –Ikasberriko Gipuzkoako tertzioak, Iraurgiko mikeleteak, Izarraizpeko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Izarraizpeko Bizkaiko tertzioak, Itsasi dantza taldea, Iraurgiko ezpatadunak, Ikasberrik osukaldariak, Izarraizpeko napoleoi gorriak eta Iraurgiko Zumalakarregi taldea– umeen desfilea, eta 500 danbor jotzailek parte hartuko dute. Urolako trenaren 100. urteurrena irudikatuko duen karrozak lagunduta desfilatuko dute horiek, eta haiekin batera aterako dira inude nahiz danbor jotzaile txikiak.
Arratsaldeko orduetan nabarituko dute askok aurtengo San Sebastian eguneko aldaketa nabarmenena: sokamuturrik ez da izango. Behi aziendari eragiten dion dermatosi nodular kutsakorra zabaltzea saihesteko, Eusko Jaurlaritzak otsailaren 26ra arte debekatuta ditu animaliekin egiten diren ekitaldiak. Horrek ez du esan nahi, ordea, zereginik egongo ez denik. Sun magoaren ikuskizuna eta zesta punta jaialdia izango dira.
Bandera jaitsi aurreko danborrada 23:15ean hasiko dute Buztintzuriko Errebaletik, eta Azpeitiko Musika Bandarekin batera helduen danborradako sei taldek parte hartuko dute. Honakoak dira irtengo duten taldeak: Iturri, Vivero, Oilo-soro, Irrintzi, Txalintxo eta Arauntza. Nagore Alkorta alkateak jaitsiko du herriko bandera gauerdiarekin batera eta danbor hotsen laguntzarekin.
Egitaraua:
- 09:00. Goiz eresia Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolarekin.
- 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeen, Udal Musika Bandaren eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroen kalejira.
- 10:15. Udal ordezkariak Soreasuko Sebastian Donearen parrokiara joango dira.
- 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
- 10:45. Meza nagusia, parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek eta Azketa ahots taldeak parte hartuko dute.
- 12:30. Haurren danborrada, karrozarekin, Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik irtenda.
- 17:30. Sun magoaren ikuskizuna, Soreasu antzokian. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eros daitezke.
- 18:00. Zesta-punta. Jai Alai Winter Series desafioa, Izarraitz pilotalekuan. Sarrerak lotura honetan eros daitezke.
- 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Bustinzuriko Errebaletik irtenda.
- 00:00. Bandera jaitsiera, plazan.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)