Ordu bakan batzuk baino ez dira falta Azpeitia San Sebastian jaietan murgiltzeko, eta dagoeneko festa badatorrela antzematen da Azpeitiko kaleetan. Horren erakusle dira herriko etxeetako balkoiak eta saltokietako erakusleihoak. Asko dira sansebastianetako banderolak balkoietan zintzilik jarri dituzten herritarrak, eta dendariek ere apaindu dituzte saltokietako erakusleihoak. Artzubiko Lizarraldenekoa etxearen ataria ere apaindu dute aurten, eta danborrada irudikatu dute bertan, zuzendari eta guzti, koloretsu eta ikusgarri.