Tik-tak, tik-tak... Sansebastianetarako atzera kontaketa hasi da. Egun gutxi falta dira herria festan murgiltzeko, eta honezkero herritar bat baino gehiago egongo dira zain-zain helduen nahiz haurren danborradak zuzenean ikusteko. Bertatik bertara festak jarraitu ezin dituztenentzat, ordea, Guka beti bezala lanean ari da horien jarraipen ahalik eta zuzenena egiteko. Aurten, herrian ez daudenek ere bertan baleude bezala gozatu ahal izango dute festaz. Horren erakusle da Gukak saio berezia iragartzeko prestatu duen bideoa; San Martin egoitzako herritarrek nahiz Madrilen bizi den azpeitiar batek hartu dute hitza bertan.
Izan ere, Gukak zuzenean emango du San Sebastian bezperako helduen danborrada, Guka Telebistan eta webguneetan. Astelehenean, 22:00etan hasiko da zuzeneko irudiak botatzen, eta 23:15ean ekingo dio saio bereziari. Iñaki Odriozolak eta Nerea Arakistainek aurkeztuko dute saio berezia Azpeitiko udaletxetik, eta hainbat gonbidatu izango dira haiekin solasean: Nagore Alkorta alkatea eta Mikel Odriozola Festa zinegotzia, Arte eta Diseinu ikastegiko karrozaren egileak, Vivero eta Iturri talde berrietako kideak eta 50. urteurrena ospatuko duen Irrintzi taldeko ordezkariak. Udaletxeko irudiak ez ezik, zuzeneko konexioak izango dira plazatik ere; Maialen Etxaniz kazetariak danborradan parte hartzen ari diren hainbat kide elkarrizketatuko ditu, Aitziber Arzallusen laguntzarekin. Aurten, gainera, drone bidezko irudiak jasoko ditu Gukak helduen danborradan.
Lanketa berezia
Urtero bezala, helduen danborradako zuzeneko saioaz gain, Gukak lanketa berezia egingo du San Sebastian jaiek iraungo duten bitartean. Besteak beste, argazkiz eta bideoz jasoko ditu haurren nahiz helduen danborradak eta bestelako ekitaldiak.